Politika -
EAEko hauteskundeak
Hauteskunde legearen erreformak muga duela azpimarratu du Urkulluk
ETAren mehatxupean Euskadi utzi zutenak datozen hauteskundeetan bozkatu ahal izateko ekimenarekin, EAJko presidenteak "errolda faltsutu nahi izatea" egotzi dio PPri.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak hauteskunde legearen erreforman muga gorri bat ezarri du, izan ere, ETAren mehatxupean Euskadi utzi zutenak datozen hauteskundeetan bozkatu ahal izateko ekimena defendatu du Gobernuak.
Gasteizen egon da Urkullu, besteak beste, Xabier Agirre Arabako EAJko buruzagiarekin eta Gorka Urtaran Gasteizko udaletxeko alderdiko bozeramailearekin batera.
EAJko presidenteak "errolda faltsutu nahi izatea" egotzi dio PPri, "Espainian bizi diren ez dakigu zeini eta zenbati" EAEn boza eman nahi izateagatik.
Alderdien legearekin jokoaren arauak aldatu zirela ekarri du gogora, eta herrialdeko zati bat at utzita, Legebiltzarra "murriztuta" gelditu zela adierazi du.
Era honetan, PSE-EEk eta PPk akordioa egin ahal izan zutela adierazi du, "alderdi politiko bozkatuena, EAJ, Gobernutik kanporatuz".
Ondorioa, "galdutako hiru urte" izan direla esan du Urkulluk; "Euskadirentzat hirurteko beltza".
"Etorkizuna euskal gizartearen aniztasunaren errespetuan dago, erabaki askean eta faltsukeriarik gabe; biktimak eta biktimekin ez manipulatzeko eskaera egiten dugu, nahikoa da!", esan du Urkulluk.
Bestetik, Euskadi krisitik ateratzeko EAJren ahalmena nabarmendu du, eta aurreko krisietan bezala, oraingoan ere lor dezaketela esan du EAJko presidenteak.
Hala ere, EAJk ez duela ezer bakarrik egingo berretsi du eta "akordioak eta itunak lortzeko" konpromisoa hartu du.
PP: 'Egingo dugu, gustatu ala ez'
"Elkarbizitzen saiatu baino, egoerari etekinak ateratzen" egotea egotzi dio Iñigo Urkulluri Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak. ETAgatik erbesteratuek boza eman ahal izateko hauteskunde-legearen erreformaren harira, Alderdi Popularreko kideak iragarri duenez, "egingo dugu, gustatu ala ez, bidezkoa delako".
Basagoitik "lasai egoteko" eskatu dio jeltzaleari. "ETAgatik guztiok ez ditugu aukera berdinak izan eta horrek Urkullu oso lasai uzten du, ez dio kezkarik eragiten", azpimarratu du.