Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ezenarrok indarkeriak 'zertarako' balio izan duen galdetu dio EPPKri
Legebiltzarkidearen ustez, ezker abertzaleak "bide luzea" egin behar du oraindik Giza Eskubideen alorrean.
Erredakzioa
Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak adierazi du ezker abertzaleak "bide luzea" egin behar duela oraindik Giza Eskubideen arloan. Dena dela, "estrategia politiko-militarretik solikik estrategia politikora" pasatu izana "garrantzitsua" dela iritzi dio.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Ezenarrok ETAko presoen kolektiboak (EPPK) larunbatean publikatu zuen adierazpena hartu du hizpide, eta "jada ezaguna den diskurtso bat berriz errepikatzea" baino ez zuela egin iritzi dio. Hori horrela, "horrenbeste indarkeriak zertarako balio izan duen" galdegin dio.
"Sufrimendu bidegabe handia izan da, eta aintzatetsi beharra dago, baina oroimenak kutsu politikoa izan behar du, eta balantzea egin behar da. Zergatik eta zertarako balio izan du indarkeriak? ETAk eta hainbat urtez estrategia politiko-militarra erabili izan duten pertsonek ez dute galdera horri erantzun. Gizarteak exijitu egiten du galdera hori", gaineratu du.