Politika -
Gobernu krisia
Nafarroan 'aukera guztiak irekita' daudela ohartarazi du PSNk
Krisia gainditzeko nahia berretsi du Santos Cerdanek; baina, akordiorik ez badago, ez dituzte beste aukera batzuk baztertzen, tartean mozio-zentsura edo hauteskundeak aurreratzea.
Erredakzioa
PSNk Nafarroako gobernu krisia gainditu nahi du, baina, une honetan, ''aukera guztiak irekita'' daudela uste dute sozialistek.
UPNrekin akordiorik ez badago, Santos Cerdan PSNko Antolakuntza idazkariak ez du baztertzen oposizioan aritzea, ezta mozio-zentsura edo hauteskundeen aurreratzea ere. Arratsaldean bertan, Roberto Jimenez alderdiko buruak esan du ''interesa eta gogoa'' dituela Nafarroako Gobernuan irekitako krisia gainditzeko, bertan gobernu ''egonkorra'' nahi duelako. Hori lortzeko, hiru eskaera egin dizkio UPNri: Egoera ''zuzentzea'' (aurrekontuen murrizketa ''alde bateko erabakia'' izan zela gogoratu du PSNk), sozialistekiko ''leialtasuna'' eta Nafarroako egoera ekonomikoarekiko ''argitasuna''.Handik gutxira, ''Ganbara'' Radio Euskadiko saioan egin duen elkarrizketa batean, eskaera horiek berretsi ditu Santos Cerdanek, eta argi utzi du ez daudela prest UPNren gobernuari babesa emateko, bertan ez badaude. ''Akordiorik ez badago, denetarako gaude prest, aukera hori baztertuta'', azaldu du.
Cerdanek argitu du ez dutela Nafarroa Bairekin ezta beste alderdi politiko batzuekin hitz egin ezkerreko gobernu bat eratzeko; baina ''PPren murrizketen liburu mardula'' Nafarroan ezartzeko prest ez daudela esan du.