Politika -
EAEko hauteskundeak
PPk ez du Lopezen aurkako zentsura-moziorik babestuko
Basagoitik adierazi du ez lukeela Patxi Lopezen aurkako zentsura-moziorik babestuko, ezta EAJrekin gobernatuko ere.
Erredakzioa
Datozen hauteskunde autonomikoak "azken urteetako garrantzitsuenak" izango dira Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearen ustez, eta bere alderdiak ez duela "EAJrekin gobernatuko" adierazi du. Gainera, Patxi Lopezen Gobernuaren aurkako zentsura-moziorik ez luketela babestuko azpimarratu du, nahiz eta, bere esanetan, garrantzitsuena lehendakariak "legegintzaldia amaitu" ezingo duela jakitea den.
Forum Europa saioan izan da Basagoiti, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroarekin batera eta EAJ eta Batasuna "Gipuzkoa saiakuntza-banku gisa" erabiltzen ari direla nabarmendu du
"ETArengatik erbesteratuek" bozkatu ahal izateko aukeraren inguruan, EAEko PPko presidenteak adierazi du Jaurlaritza "oker " dagoela hori babesten ez badu, eta terrorismoaren amaierarako "ezinbesteko neurria" dela esan du, "ETAk hori nahi izan duelako: errolda garbitu", gaineratu du.
Alderdiaren asmoa datozen hauteskundeetan "proiektu nazionalistari" aurre egitea dela adierazi du Antonio Basagoitik, "ez PSE-EEri".