Politika -

Oroimena eta Bizikidetza

Euskal hedabideak, euren iraganarekin kritiko

EITBko, El Correoko, Deiako, El Paisko eta El Mundoko zuzendariek irakurketa kritikoa egin dute euskal kazetaritzak indarkeriaren aurrean agertutako jarrerarekin.

Zubiria, Martinez, Emilio Alfaro (moderatzailea), Surio, Izarra eta Gastaca. EITB
Zubiria, Martinez, Emilio Alfaro (moderatzailea), Surio, Izarra eta Gastaca. EITB
Komunikabidetako zuzendariek hartu dute hitza Biltzarrean

01:26

D. Perez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarrak hedabideen zeregina eta bizikidetza lortzeko egin ditzaketen ekarpenak izan ditu gaur hizpide.

Hori horrela, Alberto Suriok (EITB), Juan Carlos Martinezek (El Correo), Josean Izarrak (El Mundo), Bigen Zupiriak (Deia) eta Juan Mari Gastacak (El Pais) euskal kazetaritzak ETAren indarkeriaren aurrean izandako jarreraren azterketa kritikoa egin dute, eta ETAk indarkeria utzi duen honetan erantzukizunez jokatzeko dei egin dute.

Alberto Surio EITBko zuzendari orokorraren ustez, hedabideetatik bizikidetza sustatzeko gakoa "hitza erabiltzea" da, "erantzukizunez eta seriotasunez jokatuta eta hutsalkeria eta fribolitatea baztertuta".

Suriok adierazi du oroimenak "barneratzailea" izan behar duela, eta "kontakizun ezberdinak" egon behar direla, betiere oinarria "indarkeriaren arburioa eta errespetua" badira.

EITBko zuzendariak defendatu egin du euskal kazetariek ETAren indarkeriaren aurrean egindako lana: "Hitzarekin konpromisoa dugula erakutsi dugu, neurriz, burua galdu gabe, eta gizarteak gure lana aintzatetsi gabe".

Lanera "bizkartzainekin" joan behar izan dituzten profesionalak ere gogora ekarri ditu, "EITBko zuzendariak eta albistegiburuak tartean". "Eskandalu handia da demokraziarentzat", nabarmendu du.

Juan Carlos Martinez El Correoko zuzendariak iraganaren irakurketa kritikoa egin du: "70eko hamarkadaren amaieran, euskal hedabideek erantzun epela eman zuten, eta portada hotzak publikatu zituzten". "Ez genekien nola kontatu gertatutakoa. Ez genuen [ondo kontatu] nahi? Ez, ez genekien nola kontatu", esan du.

Nolanahi ere, 90eko hamarkadan hedabideek "aurrerapausoa" eman zutela erantsi du: "Harrezkero, milaka orri idatzi ditugu ETAren krimen higuingarriak salatzeko". "Uste dut egoerak eskatutako mailan egon garela", iritzi dio.

ETAren indarkeria amaitu denez, El Correoko zuzendariak uste du hedabideak ez direla ideologien beldur izan behar, "ezta independentziaz hitz egiteko ere". Izan ere, kazetaritzak "mundu guztiarentzako plataforma" izan behar du.

Vocento taldeko egunkariaren buruaren aburuz, giza eskubideen defentsak ez du talka egin lan informatiboarekin. Adibide bat jarri du: "Kazetariok dena eman dugu ezker abertzalean bake proposamenak eta indarkeriari buruzko eztabaidak agertu zirenean, miraria espero zutenen gogoarekin eman genuen dena".

Josean Izarra El Mundo egunkariak EAEn duen zuzendaria kritikoagoa agertu da, eta hainbat hedabide "terrorearen euskarriaren parte" izan direla salatu du.

Horren esanetan, hedabideen "akats larriena" biktimak "axolagabetasunarekin tratatzea" izan da.

Dena dela, kazetariak ETArentzat "deserosoak" izan direla azpimarratu du, eta gogora ekarri ditu erakunde terroristak hildako Jose Maria Portell, Jose Luis Lopez de Lacalle eta Santiago Oleaga.

Bingen Zupiria Deia egunkariko zuzendariaren aburuz, hedabideek "elkarrizketa sustatuz" eraiki behar dute bizikidetza.Horren ildotik, salatu egin du mahai-inguruan "herrialde honetan garrantzitsuak diren hainbat hedabide" egon ez izana, hots, Gara eta Berria egunkariak, izenak aipatu ez baditu ere.

Zupiriak gaineratu du "dena ETA den doktrina" kaltegarria izan dela "gure herrialdearentzat eta gure ogibidearentzat". "Hedabide batzuek presio handia jasan dute, eta horrek jarrera beligeranteetara bultzatu ditu".

Oroimena eta bizikidetza helburu, Deiako zuzendariak azaldu du hedabideon lana "errealitatea interpretatzea, lehentasuna zerk izan behar duen esatea eta Gobernuei presio egitea" dela. Era berean, hainbat pertsonak indarkeria erabili dutela ez ahazteko dei egin du: "Hori da egia eztabaidaezin bakarra".

Azkenik, Juan Mari Gastaca El Pais egunkariak Euskadin duen delegatuak ere bi hutsune sumatu ditu Biltzarrean. Hain zuzen ere, Carmen Gisasola ETAko preso disidentearena [Jaurlaritzak parte hartzea nahi zuen, baina Barne Ministerioak betoa jarri zuen] eta "Gara eta Berria" egunkariena. Bingen Zubiriak ez bezala, Gastacak egunkari abertzaleen izenak aipatu ditu.

El Paiseko delegatuak bi fase proposatu ditu bizikidetza lortzeko.

Lehenengoan, "hausnarketa" egin beharko litzateke, gauzei haien izenekin deituta ["hildako bat hildakoa da, eta bala bat bala bat da"], eta bigarrenean, ondorioak aztertuko lituzkete "bakean nola elkarbizitzen jakiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea