Politika -
Kargua hartzea
Hollandek kargua hartu du EBn bide berria irekitzeko konpromisoarekin
57 urteko sozialistak kargua hartu du Sarkozyren kontra hauteskundeak irabazi eta 8 egunera. Arratsaldean Angela Merkel Alemaniako kantzillerrarekin bilduko da.
Erredakzioa
François Hollande sozialistak Frantziako presidente kargua hartu du gaur Pariseko Eliseo Jauregian, estatuburuaren egoitzan, egindako ekitaldi batean. Jean-Louis Debre Kontseilu Konstituzionalaren presidentearen eskutik hartu du boterea Hollandek.
Frantziako agintari berriak 57 urte ditu eta Nicolas Sarkozy aurreko presidentearen kontra hauteskundeak irabazi eta 8 egunera hartu du kargua. Maiatzaren 6an izan ziren hauteskundeak eta Hollandek botoen % 51,6 jaso zuen.
Presidente berriak konfiantza mezua helarazi die herritar frantziarrei eta Europan bide berri bat irekitzeko konpromisoa hartu du.
"Europan gure zain eta guri begira daude. Krisiari aurre egiteko, Europak hazkundea eta elkartasuna behar ditu", adierazi du Frantziako presidente berriak. Europako kideei "itun berria" eskainiko omen die gastu publikoaren murrizketaz gain "ekonomia sustatzeko ezinbesteko neurriak hartzeko".
Agintari sozialistak berretsi du "mundu ezegonkor honetan" beharrezkoa dela baloreak babesteaz gain interesak ere defendatzea. Hori horrela, Europar Batasunaren eta atzerriaren arteko merkataritza trukea aldebikoa izatea aldarrikatu du.
Hollandek esan du badakiela egoera ekonomikoa zaila dela, izan ere, Frantziak "zor handia du, hazkunde ahula, langabezia altua, lehiakortasuna murriztuta eta Europak krisitik ateratzeko zailtasunak" ditu.
Sarkozy ere izan da Eliseoan Carla Bruni emaztearekin batera, baina inbestidura ekitaldia hasi aurretik joan da; hori bai, ekitaldia baino lehen Hollanderekin batzartu da ordu erdiz.