Politika -
Bateragune auzia
Ideologia ezberdineko hainbat emakumek Otegi aske uzteko eskatu dute
Ezker abertzaleko, Aralarreko, EAko edo PSE-EEko hainbat emakumek "demokratikoki ideiak defendatzea ez da delitua" azpimarratzen duen testua sinatu dute.
Erredakzioa
Hainbat ideologia ezberdinetako emakumek, horien artean, ezker abertzaleko, PSE-EEko, EAko edo Aralarreko kideak, Bateragune Auzian zigortutakoak aske uzteko eskatu dute eta pertsonalki sinatu duten dokumentu bat aurkeztu dute Donostian. "Ez da delitua ideiak demokratikoki defendatzea", argudiatu dute. 30 emakume inguruk sinatu dute testua, horien artean, Rafaela Romero Batzar Nagusietako PSE-EEko bozeramaileak eta ezker abertzaleko Jone Goirizelaiak eta Arantza Urkaregik.
Hauekin batera, Esther Larrañaga, Ikerne Badiola eta Nekane Altzelai (EA), Kontxi Bilbao IUko legebiltzarkide ohia eta Aralarreko Rebeka Ubera egon dira. Ez direla auzipetuen ideiak defendatzeko bildu azpimarratu dute, eta "nabaria da ez dugula denok eurek bezala pentsatzen". Baina, auzipetuek ideiak izateko eta demokratikoki defendatzeko eskubidea dute", nabarmendu dute adierazpenean.
Epaia "zentzugabea" dela gaineratu dute, eta Otegi, Diez, Rodriguez, Jacinto eta Zabaleta aske uzteko eskatu dute, "beraien bizi proiektua, beraien proiektu politikoa" aurrera eraman ahal izateko.
Gernikako akordioa sinatu zutenentzat, Euskal Herriaren prozesuaren "aurkako eraso larria" da
Bestetik, Gernikako Akordioa sinatu zutenek gogor kritikatu dute Gorenak Bateragune auziko zigorra berrestea eta "Euskal Herriaren geldiezinezko prozesuaren aurkako eraso larria" dela esan dute. "Nazioarteko mezua argia da: Espainiak irtenbide demokratikoan pausoak eman behar ditu, eta normalizazio demokratikoaren aldeko jarrera aktiboa azaldu behar du".