Politika -
Baketzea eta normalizazioa
Aieteko Adierazpena sinatzea eskatuko dio ezker abertzaleak Hollanderi
67 europarlamentari ohiren babesa jaso eta gero, Frantziako presidentearengana joko dute elkarrizketaren alde egin dezala eta, ondorioz, Aieteko Adierazpena sinatzea eskatzeko.
Erredakzioa
Baketzea eta normalizazioa lortzeko 'ibilbide-orria' zehazten duen Aieteko Adierazpenak Europako Parlamentuko 67 diputatu ohiren atxikimendua jaso du, tartean Karmelo Landa eta Koldo Gorostiagarena. Aieteko Adierazpenak behin betiko konponbidea lortzeko euskal indar politiko guztien arteko elkarrizketaren aldeko apustua egiten du, besteak beste.
Gorostiagak esan du François Hollanderen garaipena Frantzian "gertakari garrantzitsua" dela eta Aieteko Adierazpena babesteko eskatuko diotela, Europako Parlamentuko diputatu ohia ere badelako.
Karmelo Landak esan duenez, gaur aurkeztutako atxikimenduekin, Europako instituzioak Euskal Herriko baketze eta normalizazio prozesuan "modu positiboan inplikatzea" eta "Europako azken gatazka konpontzeko dagokien papera jokatzea" bilatzen dute. "Aipatu atxikimenduak eman izana keinu oso garrantzitsua da", nabarmendu du Europako Ganberan egindako agerraldian.
Horrez gain, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak ETAk bere jarduera armatua "erabat amaitu" duela baieztatu berri duela gogora ekarri du Landak. "Nazioarteko komunitatearen parte-hartzea gero eta handiagoa da eta hori bakerako bidean oso garrantzitsua da", erantsi du.
Nolanahi ere, Espainiako Gobernuaren jarrera gogor kritikatu du, "kalifikaezina den espetxe-politika mantentzen duelako". Ildo horretan, Auzitegi Gorenaren azken ebazpena ere salatu du, 'Bateragune auzian' Arnaldo Otegi eta gainerako lau auzipetuak zigortu dituelako, "bake-prozesu honen bultzatzaileak direnean".