Politika -

Hauteskunde autonomikoak

Basagoiti, PSErekin 'amaiera ordenatu bat' hitzartzeko prest

Hauteskundeak aurreratzearen beharra berretsi du, lehendakaria Eusko Jaurlaritza kudeatzeaz arduratu beharrean "Mariano Rajoyren Exekutiboaren kritiken bozeramaile" lana egiten ari dela argudiatuta.

Antonio Basagoiti, EAEko PPren presidentea. EITB
Antonio Basagoiti, EAEko PPren presidentea. EITB
Antonio Basagoiti, EAEko PPren presidentea. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak hauteskundeak aurreratu behar direla errepikatu du eta PSE-EErekin legegintzaldiaren "amaiera ordenatu bat" hitzartzeko prest agertu da.

Ser katean emandako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzari gelditzen zaizkion hilabeteetarako "egutegi desberdin bat" egitea proposatu du, "ez luke inolako zentzurik izango beste gobernu bati oposizioa egitea helburu duen gobernu batekin bederatzi hilabete gehiago egotea", erantsi du.

Lehendakaria Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaz arduratu beharrean "Rajoyren Exekutiboaren krititiken kontrako bozeramaile" lana egiten ari dela esan du, eta hauteskundeak aurreratzea eskatzearen arrazoia, hain zuzen, horixe dela azpimarratu du.

EAEko PPren buruak adierazi duenez, PSErekin legegintzaldiaren hasieran hitzartu zuen ituna "behin betiko agortu" da Patxi Lopez "Ferraz kaleko politika" eta Espainiako Gobernuari "etengabeko kritika" egiten hasi zitzaionetik.

Sozialisten eta popularren arteko akordioa "Euskadira normaltasuna ekartzeko" egin zela esan du, eta "ez politika alderdikoia egiteko". Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak Rajoyren Gobernuaren neurrien kontrako helegitea ipintzeko asmoa bazuen, "gutxienez, PPrekin hitz egin behar" zuela esan du, PP delako Legebiltzarrean babesten duen alderdia.

Halaber, PSE-PP itunak Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanak hobetzea zuela helburu esan du, aurreko gobernu abertzaleekin gertatu ez bezala. Horrenbestez, "erakundeen arteko enfrentamenduak" galaraztea eskatu du Basagoitik.

EAJk konfiantza mozioa aurkeztea eskatu duela eta, EAEko PPko buruak ohartarazi du ez lukeela aurrera egingo, lehendakariak aurkeztu beharko lukeelako, "eta [Patxi Lopezek] aurkeztu nahi ez badu, ez dago ezer egiterik".

Basagoitiren ustez, "ez litzateke ona izango herrialdearentzat" sozialistek "besaulkian geratu nahi izatea" legegintza bukatu arte.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea