Politika -
Legegintzaldiaren amaiera
Basagoitik PSE-PP ituna hautsi duela ulertu du Jaurlaritzak
Lehendakariak gaur azalduko ditu PSE-PP itunaren amaieraren balizko ondorioak. Euskadiko PPren buruzagiak hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio gaur.
Erredakzioa
Antonio Basagoitiren adierazpenak hautsak harrotu ditu euskal politikagintzan. PSE-PP ituna agortuta dagoela esan du eta Patxi Lopezekin bilera bat egingo duela iragarri du, hauteskunde autonomikoak aurreratzeko.
Antonio Basagoitiren adierazpenak entzun ostean, PPk PSErekin zuen ituna amaitutzat eman duela ulertu du Jaurlaritzak. Ildo horretan, Euskadiko PPk Espainiako Gobernuaren "murrizketen aldeko hautua" egin duela kritikatu du, "euskal autogobernua defendatu beharrean".
Agiri labur batean, Lehendakaritzak nabarmendu du PSE-PP hitzarmenak autogobernua indartzea eta ongizaterako Estatuaren oinarrizko zerbitzuak indartzea zuela helburutzat.
Azkenik, Patxi Lopezek gaur eguerdiko agerraldian emango dituela xehetasun guztiak adierazi dute. Lehendakariak egoera politikoaren azterketa egin du Gobernu-bileraren osteko prentsaurrekoan.
Azalpenak emateko eskaera PPri
Bestalde, Efe albiste-agentziak Lehendakaritzako iturriak aipatuta zabaldu duenez, Jaurlaritzak azalpenak eskatuko dizkio Antonio Basagoitiri, PSE-PP itunaren amaieraren arrazoiak argitzeko eta hauteskundeak aurreratzeko eskaera argudiatzeko.
Horrez gain, Jaurlaritzak deitoratu egin du Basagoitik irrati batean egindako elkarrizketan iragarri izana PSE-PP ituna agortuta dagoela eta hauteskunde autonomikoak aurreratu egin behar direla esatea.
"Hitzarmena hautsi badute, euren ardura da eta itunaren zer zati bete ez dugun argitu beharko dute orain", erantsi dute aipatu iturriek. Joan den larunbatean bete ziren hiru urte Patxi Lopez lehendakari izendatu zutenetik eta bihar, bere sailburu guztiek lagunduta, agerraldia egingo du agintaldiaren balantzeko egiteko.
Lehendakariaren eta Basagoitiren arteko bilera
Antonio Basagoiti eta Patxi Lopezen bilera gaur behintzat ez da izango, lehendakaria Madrilen baitago, PSOEren zuzendaritzaren bileran.
Nolanahi ere, joan den ostegunean eta ostiralean "harremanetan izan ziren", lehendakariak Espainiako Gobernuaren murrizketen aurka Auzitegi Konstituzionalera joko zuela iragarri zuenean, hain zuzen ere.
Bestalde, Lehendakaritzako iturriek gogora ekarri dute PSE eta PPren arteko ezberdintasunak "ezagunak" direla arlo sozio-ekonomikoan eta, hala ere, Alderdi Popularrak akordioari eutsi diola. Jose Luis Rodriguez Zapateroren legegintzaldian ere Euskadiko PP Espainiako Gobernuarekin oso kritiko izan zela adierazi dute, baina orduan ere PSErekin zuten hitzarmena bere horretan mantendu zutela azpimarratu dute.