Politika -
Agerraldia
Lehendakariak baztertu egingo du gaur hauteskundeak aurreratzea
Patxi Lopezek agerraldia egingo du sailburu guztiekin, legegintzaldiaren balantzea egiteko, eta Basagoitiri erantzungo dio.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak agerraldia egingo du astearte honetan, Jaurlaritzan egin dituen hiru urteen balantzea egiteko asmoz.
Agerraldia 12:00etan hasiko da, ohiko Gobernu-bileraren ostean, eta Patxi Lopezek bere Gobernuko sailburu guztiak alboan izango ditu.
Agerraldia Antonio Basagotiren adierazpen esanguratsuen biharamunean izango da. Euskadiko PPren buruzagiak PSE-PP ituna agortuta dagoela, hauteskundeak aurreratzeko unea dela eta datozen egunetan lehendakariarekin bilduko dela iragarri baitu.
Radio Euskadik aurreratu duenez, lehendakariak errefusatu egingo du hauteskundeak aurreratzea.
Hauteskundeak aurreratzea
Gobernua "agortuta" dagoela esan zuen Antonio Basagotik; hortaz, PSEk "gobernatzen jarraitzea zentzugabea" omen da. Hori dela eta, hauteskunde autonomikoak aurreratu beharraz hitz egin zuen.
Punto Radio Euskadi irratian egindako elkarrizketa batean, azken asteetan lehendakariak PPrentzat "onartezinak diren gauzak" proposatu dituela esan zuen, besteak beste, Rajoyren Gobernuaren murrizketen aurka Konstituzionalera jotzea.
Horregatik, Basagoitirentzat "ez da normala PSEk babesa ematen dionaren aurkako ekimenak aurkeztea" eta orain hiru urte sinatu zuten akordioa bukatutzat ematen zuen.
Patxi Lopez lehendakariarekin bilduko da datozen egunetan, hauteskundeak aurreratzeko aukeraz hitz egiteko, baina ordura arte bere alderdiak Jaurlaritzarekin "arduratsu" izaten jarraituko duela nabarmendu zuen.
Konfiantza arazoa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, bere aldetik, Eusko Legebiltzarrean konfiantza arazoa aurkezteko eskatu zion Patxi Lopez lehendakariari, Lehendakaritzara iristeko izan zuen babesetik zenbat gelditzen zaion argitu dezan.
Lehendakariak konfiantzaren inguruko galderarik aurkeztuko ez balu ere, jeltzaleek inolaz ere zentsura moziorik ez luketela planteatuko zehaztu zuen Urkulluk. "Ez dugu zentsura moziorik aurkeztuko Eusko Legebiltzarra osorik ez baitago", esan zuen Urkulluk ezker abertzalearen faltaren harira.
eitb.com-en jarraipena
eitb.com-ek zuzenean jarraituko du lehendakariak 12:00etan Lehendakaritzan egingo duen agerraldia. Twitter bidez lehendakariak esaten duenaren berri jaso ahal izango da eta prentsaurrekoa zuzenean ikusteko aukera ere egongo da Streamingez.