Politika -

Hauteskundeak Frantzian

Nazioarteak Hollanderekin lan egiteko nahia agertu du

Europako eta munduko buruzagi nagusiek zoriondu egin dute Hollande.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. EFE
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. EFE
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak telefonoz hitz egin du François Hollande Frantziako presidente hautetsiarekin, eta karguaz jabetu bezain pronto Berlinera joatera gonbidatu du.

"Bi aldeak prest agertu dira konpromiso praktiko eta bideragarriak adosteko, euroaren egonkortasuna helburu", azaldu du Alemaniako Atzerri ministroak.

Barack Obama AEBetako presidenteak ere telefonoz deitu dio Hollanderi, eta Etxe Zurian batzartzera gonbidatu du.

Etxe Zuriak igorritako ohar baten arabera, "Obama presidenteak interes handia dauka Hollande jaunarekin eta haren Gobernuarekin estu lan egiteko, finantza eta segurtasun erronkei aurre egiteko".

Mario Monti Italiako lehen ministroak elkarrekin lan egiteko asmoa agertu dio presidente hautetsiari, Europar Batasuneko hazkundea oinarri. Telefonoz egindako solasaldi batean, bi buruzagiek beharrezkotzat jo dute hazkundea sustatzeko itun bat adostea.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak "harreman estua" izateko gura helarazi dio Hollanderi. Downing Streeteko bozeramaile baten esanetan, bi buruzagiek telefonoz hitz egin dute eta solasaldia "beroa eta adeitsua" izan da.

Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak mezu bat publikatu du Twitterren: "Zorionik beroenak helarazi nahi dizkiot François Hollande Frantziako Errepublikako presidenteari".

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak adierazi du "helburu komun argia" duela Hollanderekin: "Europako ekonomia suspertzea hazkunde iraunkorra eta enplegua sortzeko".

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak zoriondu egin du estatuburu berria, eta ziur agertu da "harreman politiko emankorra" izango dutela.

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak nabarmendu du Hollande "bozgorailu bikaina" izango dela ezker europarrarentzat, eta "aliatua" Europako politika ekonomikoan aldaketa ekartzeko.

Patxi Lopez lehendakariak esan du "Europa osoko progresistek" espero dutela Hollanderen garaipenak Europar Batasunaren kohesioa urratu duten eta atzeraldira eraman duten politika okerren amaiera ekartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea