Politika -
Hauteskundeak Frantzian
Ezkerrak irabazi du Iparraldean alde nabarmenarekin
Hiru herrialdeetan irabazi du François Hollande Alderdi Sozialistaren hautagaiak eta guztira botoen % 54,5 jaso du.
Ipar Euskal Herrian ere François Hollande Alderdi Sozialistaren hautagaia izan da irabazle Frantziako hauteskunde presidentzialetan. Hiru herrialdeetan irabazi du ezkerrak eta Estatuan baino alde handiagoarekin, izan ere, % 9ko aldea atera dio Nicolas Sarzkozy Frantziako presidente eta UMPren hautagaiari.
Hautagai sozialistak botoen % 54,5 a lortu du eta Nicolas Sarkozyk % 45,4.
Alderdi Sozialista izan da garaile Baionan eta Ezpeletan; Donibane Lohitzunen (Lapurdi), berriz, Sarkozy. Zuberoan lortu ditu François Hollandek emaitza onenak, Maule hiriburuan, esaterako, botoen % ia 68 lortu du. Behe Nafarroan eskuinak indar handia izan du beti, baina hauteskunde hauetan, alde txikiarekin bada ere, ezkerra izan da garaile: Hollandek botoen % 52 lortu du eta Sarkozyk % 48. Hala eta guztiz ere, Donibane Garazi hiriburuan Sarkozy izan da garaile, Donapaleun eta Iholdin bezalaxe.
Alderdi sozialista, garaipena ospatzearekin batera, ekaineko Parlamentuko hauteskundeetara begira jarri da. Ipar Euskal Herriak Parlamentuan egun dituen hiru ordezkaritik bi eskuindarrak dira eta hirugarrena zentrista. Frantxua Maitia Frantziako Alderdi Sozialistako kontseilariak Euskadi Irratian azaldu duenez, herritarrek aldaketa beharrezkoa dela ulertu dute eta ekainean Hollandi emaniko babesa errepikatzea espero du.
Eskuinak bere porrota onartu du, eta Lucien Delgue Armendaritzeko alkate eta UMPko kideak erabakia errespetatzen duela esan du. Hala ere, Hollandek hitz emandako guztia betetzeko dirua nondik aterako ote duen galdetu du.
Jean Grenet Baionako alkate eta diputatu eskuindarrak hauteskunde gaua baliatu du Parlamenturako hauteskundeetan hautagai izango dela jakinarazteko.