Politika -
Manifestazioa Bilbon
'D3M auziak kode politikoan ari direnak gaizkile bihurtzen ditu'
Era berean, Barne ministroak Egiaztatzaileen Taldearen inguruan esandakoei erantzun die Xabier Mikel Errekondok, ministroaren adierazpenak "PPren bakardadearen adibide" direla esanda.
Erredakzioa
Xabier Mikel Errekondo Diputatuen Kongresuko Amaiurreko bozeramaileak "Estatuak eskubide zibilak eta politikoak errespeta ditzala" eskatu du. Horren harian, D3M, Askatasuna eta 18/98 sumarioek, "eta etorkizunean etorriko direnak", "kode politikoan lanean ari diren pertsonak eta taldeak gaizkile bihurtzen ditu, eta, ondorioz, Estatuak desaktibatu egin beharko lituzte".
Adierazpenol D3Mren eta Askatasunaren kontrako epaiketak salatzeko Bilbon egindako manifestazioaren atarian egin ditu. Amaiurreko diputatuak auzipetuak aske uztea eta "proiektu politiko guztiak defendatzeko aukera bermatzea" eskatu du.
PPren bakardadea
Bestalde, Errekondok Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Egiaztatzaileen Nazioarteko Taldearen inguruan esandakoak komentatu ditu. Amaiurreko kidearen iritziz, adierazpen horiek "PPren bakardadea agerian uzten duen urratsa da", eta Espainiako Gobernuari "egoerak merezi duen erantzuna ematea, eta behingoz aurrera pausoak ematen hastea" eskatu dio.
Errekondok, gainera, azpimarratu egin du PP "nazioarteko taldea aintzat hartzen duen alderdi bakarra" dela, "nahiz eta taldea osotzen dutenak prestigiozko pertsonak izan eta taldearen lanak Euskal Herriko gizarteak eskatzen duen bidean aurrera egitea erraztu dezakeen".