Politika -
ETAren amaiera
Fernandezek ez dio Egiaztatzaileen Taldeari 'zilegitasunik' ematen
Gobernuak ETArekin armak uztea negoziatzea baztertu du eta baldintzarik gabeko desegitea exijitu du. Bestalde, Barne Ministerioko "bigarrenak", ETAn, oraindik, "mugimendua" dagoela esan du.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak iragarri du Gobernuak ez duela ETArekin armak uztearen inguruan negoziatuko eta "baldintzarik gabe desegiteko" exijitu dio ETAri.
"Gobernuak ez du inoiz ETArekin negoziatu, eta ez du inoiz halakorik egingo. Baldintzarik gabe desegitea exijitzen dugu", esan du Barne ministroak Kataluniako PPren Kongresuan.
Gainera, Gobernuak ez duela "Nazioarteko Egiaztatzaileen Talderik behar" berretsi du, eta Guardia Zibilak eta poliziak euren egiaztatzaile propioak dituztela adierazi du.
Honen harira, atzo, ETA "hitz egiteko prest" dagoela esan zuen Egiaztatzaileen Taldeak, baina Gobernuak ez diola taldeari zilegitasunik ematen esan du.
"Egiaztatzaileak gurekin harremanetan jarri dira, baina guk ez diegu zilegitasunik ematen. Guardia Zibilarekin eta Poliziarekin nahikoa daukagu ETA desegiten den ala ez ziurtatzeko", nabarmendu du Fernandez Diazek.
Barne ministroaren hitzetan, ETArekin amaitzeko Estatuko segurtasun indarrekin "nahikoa" izan da, eta taldea desegiten den ala ez ziurtatzeko, beraz, "nahikoa dute eurekin". "Gobernuaren politika ETArekiko oso argia da; desegitea exijitzen diegu. Gobernuak ez du inoiz ETArekin negoziatu eta ez du inoiz egingo", azpimarratu du.
ETAk atentatzeko gai diren dozena bat kide dituela uste du Barne Ministerioak
Ignacio Ulloa Estatuko Segurtasunerako idazkariak uste du oraindik ETAk dozena bat kide dituela atentatuak egiteko prest. ETAk Frantziako hegoaldean azpiegitura bat duela esan du Ulloak eta "ez dute denborarik galtzen", gaineratu du. "15 egunero ibilgailuak aldatzen dituzte eta agertzen eta desagertzen diren lagunak atzeman ditugu", gaineratu du.
"Mugimendua dago, eta batzuen artean atentatuak egiteko gaitasuna ere bai", adierazi du Barne Ministerioko "bigarrenak" Europa Press agentzian.