Politika -
ETAren indarkeriaren amaiera
ETA 'hitz egiteko prest' dagoela esan du Egiaztatzaileen Taldeak
Gobernuak presoak gizarteratzeko iragarritako plana ''lehen pauso bat'' da, taldeko kideen ustez. Besteak beste, Jaurlaritza eta Eliza bildu dira egunotan egiaztatzaileekin.
Erredakzioa
Egiaztatzaileen Nazioarteko Taldeak hainbat bilera egin ditu ostegun eta ostiral honetan Bilbon, ETAren indarkeriaren amaieraren iragarpenak irekitako egoeraren jarraipena egiteko.
Azken bilera hauetan zein urte hasieran egindako azken bisitan, ETAk indarkeriaren amaierarekiko konpromisoa mantentzen jarraitzen duela egiaztatu ahal izan dute taldeko kideek, ohar batean jakitera eman dutenez. Egiaztatzaileen Taldeak azaldu du ETA prest dela bakegintza prozesua sendotzeko gai praktikoen inguruan hitz egiteko. Mezu hori helarazi die ETAk, erakundearekin izan duten harreman zuzenari esker.
Egiaztatzaileen hirugarren bisita da oraingo hau. Ostegunean hainbat agente politiko eta gizarte eragilerekin bildu ziren. Besteak beste, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizango sailburuarekin eta Jesus Loza EAEko Bizikidetza eta Memoriarako ordezkariarekin egin zituzten bilerak. Iñigo Urkullu (EAJ), Jose Antonio Pastor (PSE-EE) eta Rufi Etxeberria (ezker abertzalea) politikariekin ere izan dira nazioarteko egiaztatzaileak, eta Elizarekin ere bilera egin dute (Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua izan da bilera horretan).
Ostiralean, berriz, talde bilera egin dute alderdi, agente eta talde horietako ordezkari gehienekin.Egiaztatzaileen ustez, bakea sendotzeko aurrerapausoak ematen jarraitzen du prozesuak, eta, zentzu horretan, Rajoyren Gobernuak presoak gizarteratzeko iragarritako plana ''lehen pauso bat'' dela uste dute. Pauso horrek ''norabide berdinean aurrerantz egitea'' espero dute.
Elkarrizketarako deia
Euskal gizartearen agente politiko zein sozial guztiei elkarrizketarako deia berretsi die Nazioarteko Egiaztatzaileen Taldeak bukatu berri den azken bisitaren ondoren.