Politika -
Polemika
Borja Semperrek Mayor Orejaren eta Rosa Diezen jarrerak kritikatu ditu
Espainiako Gobernuak presoen gizarteratzerako iragarritako plana zalantzan jarri dutela eta, PPren Gipuzkoako presidenteak gogor kritikatu ditu bere alderdikide batzuk eta UPyD.
Erredakzioa
Borja Semper PPren Gipuzkoako presidenteak gogor kritikatu ditu bere alderdiko zenbait politikari nahiz UPyD alderdia, ETAko presoen gizarteratzerako Barne Ministerioak abian jarritako planaren aurrean erakutsi duten jarreragatik.
El Pais egunkariak argitaratutako iritzi artikulu batean ondokoa dio: "Mingarriena ez da ETA beti justifikatu dutenek egiten dutena, horiengandik gutxi espero dugu, izan ere, plan horrek euren diskurtsoaren gezurra agerian uzten du. Legea betetzea beti defendatu dutenak orain Gobernua, PP eta gainerako alderdiak iraintzen aritzea, berriz, onartezina da. Rosa Diez nahiz PPren karneta daramaten alderdikide garrantzitsu batzuek beti izango dute nire errespetua orain arte egindakoagatik, eta, ondorioz, nik ez diet traidore deituko iritzi ezberdin bat dutelako".
Barne Ministerioak bere planaren berri eman ostean, Jaime Mayor Orejak argi hitz egin zuen: "ETAren amaiera administratzen ari garen ideia zabaltzea da egin daitekeen akatsik larriena. Talde terroristak bultzatutako desafio baten aurrean gaude. Gezurrari, hau da, bake-prozesua deitutako gezurrari mesede egingo dion edozer egitea akatsa da. Gauzak batzuk ez ditut ulertzen: plan bat, programa bat dagoela esaten dute, baina, aldi berean, kartzela-politika aldatuko ez dela azpimarratzen dute".
Bestalde, Rosa Diezek esan zuen Espainiako Gobernuak "herritarrak engainatu" dituela, plan horren bidez "ETAko kideak kaleratu nahi dituztelako". "Presoei ez zaie ezer oparitu behar, legea bete dezatela eta kito", erantsi zuen.
Rosa Diezen erantzuna
Borja Semperren artikuluak hautsak harrotu ditu eta Rosa Diezek ordu batzuk baino ez ditu behar izan erantzuna emateko. UPyDren presidenteak esan du bere alderdian "egunero" ari direla lanean, "inork inoiz traidore deitu ahal ez izateko".
Horrez gain, berretsi egin du Espainiako Gobernuaren gizarteratze planari egindako kritikak eta esandakoaz damutzen ez dela ere adierazi du.