Politika -
Erabakia
Ipar Irlandak baimendu egin du De Juana Chaos estraditatzea
Bertako Goi Auzitegiak atzera bota du defentsak aurkeztutako apelazio-helegitea, eta estraditatzea onartu dute. Segurtasun indarrek ez dakite non dagoen Jose Ignacio de Juana Chaos ETAko preso ohia.
Erredakzioa
Ipar Irlandako Goi Auzitegiak Jose Ignacio de Juana Chaos ETAko preso ohia estraditatzea baimendu du. Auzitegiak atzera bota du defentsak aurkeztutako apelazio-helegitea.
Iturri judizialen arabera, 2008an Espainiako agintariek De Juana Chaos bilatu eta atxilotzeko emandako agindua bertan behera uzteko eskaera egin zuen defentsak, forman akatsa zuela argudiatuta. Auzitegiko hiru epaileen ustez, atxiloketa agindua ''akastuna da, dudarik gabe'', baina onartu egin dute.
2008ko abuztuan, kartzelatik atera zenean, emakume batek Donostian egin zioten omenaldian irakurri zuen eskutitzaren egilea den argitzeko galdekatu nahi du Espainiako Justiziak ETAko preso ohia.
Ez dakite non dagoen
2010eko martxoaren 25etik ihes eginda dago De Juana Chaos, egun horretan agertu baitzen azkenekoz Belfasteko polizia etxera. Bertara egunero agertu behar zuen, zaintzapeko askatasun aginduan ezarrita zegoena betetzeko.
Baldintza horiek urratzeagatik atxilotu eta Irlandan epaitu dezaketela esan du Auzitegiak, baina, zigor ekonomikoa izango luke.