Politika -
Eskaera Jaularitzari
Konstituzionalean murrizketen aurka jotzeko eskatu du Legebiltzarrak
Proposamenak EAJren, PSE-EEren eta Ezker Anitzaren babesa izan du.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak Hezkuntzako eta Osasuneko murrizketen aurka konstituziokontrakotasun helegitea aurkeztea eta neurriok behin-behinean indargabetzea eskatzeko dei egin dio ostegun honetan Eusko Jaurlaritzari.
Proposamenak EAJren, PSE-EEren eta Ezker Anitzaren babesa izan du. PPk, Aralarrek eta UPyDk aurka bozkatu dute, eta EA abstenitu egin da.
PSE-EEk Mariano Rajoyren Gobernuko murrizketei buruzko eztabaida eraman du ostegun honetan Legebiltzarrera, baina azkenean eztabaida sakonagoa egin dute, autogobernua ere hizpide hartuta.
Hasieran, EAJk ez dio erraz jarri PSEri akordioa lortzea, baina, azkenean, alderdi jeltzaleak laguntza eskaini dio eta sozialistek saioa etetea eskatu dute, akordioa lortzen saiatzeko.
Negoziazioek aurrera egin dute, eta EAJk Ezker Anitzarekin hitzartutako testu baten inguruan lortu dute akordioa.
Ekimenean, lan-erreforma eta Hezkuntzako eta Osasuneko murrizketak baztertzen dira eta Jaurlaritzari "EAEko eskumenen esparruaren defentsan beharrezkoak diren helegiteak aurkezteko" dei egiten zaio.
Halaber, talde guztiek, UPyDk izan ezik, idatziak jasotzen dituen bi puntu adostu dituzte. Bertan, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzari hezkuntza eta osasun ereduen publikotasuna eta doakotasuna bermatzeko eskatzen zaio.