Politika -
Hamar minutu gehiago egunean
Nafarroako Gobernuak funtzionarioei lanaldia luzatzea baztertu du
Gaur egun, Nafarroako funtzionarioen asteko lanaldia 36 ordu eta 40 minutukoa da, Espainiako Gobernuak onartutako 37 ordu eta 30 minutuko lanaldia baino laburragoa.
Erredakzioa
Roberto Jiménez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordea, eta Presidentetzako, Administrazio Publikoetako eta Barne kontseilariak funtzionarioei lanaldia luzatzea baztertu du; beraz, ez dute Madrileko Gobernuak onartutako legea aplikatuko.
Jimenezen hitzetan, "Nafarroak ez du funtzionarioen lanaldia luzatzeko obligaziorik, ezta beharrik ere ez". Ondorioz, "neurria baztertuta" dago.
Kontseilariak esandakoaren arabera, "ez diogu Estatuari lege-dekretuen bidez gobernatzen utziko eta Espainiako Gobernuari gure autonomiari errespetu gehiago izan diezaiola exijitzen diogu".
Jimenezek azaldu egin du lanaldia luzatzearen kontrakoa dela "ez duelako gastuak murrizteko balio, eta murriztekotan, aurreztutakoa oso gutxi izango litzateke".
10 minutu gehiago
Nafarroako lehen presidenteordeak emandako datuen arabera, Nafarroako funtzionarioen asteko lanaldia 36 ordu eta 40 minutukoa da. Espainiako Gobernuak onartutakoa, berriz, 37 minutu eta 30 minututakoa. "Lanaldia egunean 10 minutuz luzatzeak ez du eragin azpimarragarririk izango Administrazioaren produktibitatean".
Horrez gain, lanaldia luzatzean langabeziak gora egingo duela ere ohartarazi du, eta "Nafarroa langabezia gehien hazi den erkidegoa berriz izateko" asmorik ez duela ere esan du.
Ikasle gehiagorik ezBestalde, Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak ikasgela bakoitzan dauden ikasleen kopurua igotzeko asmorik ez dutela iragarri du. Momentuz, ez dute aldaketarik egiteko asmorik Batxilergoan, ezta Lanbide Heziketan ere ez.