Politika -

Eusko Legebiltzarra

Bake eta bizikidetza lantaldea lehen aldiz batzartu da

Ordezkaritza instituzionala duten erakunde eta alderdien ekarpenak jasoko ditu. Beraz, Bilduk ''ekarpenak eta iradokizunak'' egin ahal izango ditu, idatziz. Maiatzean zehar jasoko dituzte.

Lantaldeko kideak, astelehenean Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentearekin. EITB
Lantaldeko kideak, astelehenean Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentearekin. EITB
Lantaldeko kideak, astelehenean Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentearekin. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko bake eta bizikidetza lantaldeak lehen bilera egin du, astelehenean jaio eta gero. Lehen saioak kutsu teknikoa izan du, eta, bertan, Joseba Egibar (EAJ), Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Anton Damborenea (PP), Aintzane Ezenarro eta Mikel Arana (EB) lantaldeko kide iraunkorrek plangintza eta egutegia adostu dituzte. Helburua astean behin biltzea da.

Maiatza bukatu arte, lantaldeak ordezkaritza instituzionala duten erakunde, alderdi eta koalizioen (tartean Bildu) zein Giza Eskubideen Foroaren kide diren elkarteen ekarpenak jasoko ditu. ''Ekarpen eta iradokizun'' horiek idatziz igorri beharko dituzte.

'Gizarte-adiskidetzea'' izango du lantaldeak ardatz nagusi, eta iragana, oraina eta etorkizuna hartuko ditu oinarri, Eusko Legebiltzarrak azaldu duenez. Iraganari dagokionez, hainbat politika aztertuko ditu, tartean memoria, egia, justizia eta biktimei ordaintzea eta horiek aintzat hartzea. Orainari begira, humanizazio-politikak landuko ditu, elkarbizitzarako kultura berri bat bultzatuko du eta espetxeetako arloari ekingo dio. Azkenik, geroari dagokionez, gizarte, hezkuntza eta politika eremuetako prebentzio-jarduerei buruzko ekintzak aztertuko ditu.

Ezker abertzalearen hutsunea eta Aralarren zatiketa

Lantaldearen jaiotza ezker abertzalearen hutsuneak eta Aralarreko barne zatiketak baldintzatuta etorri da.

Azkenean, ezker abertzalea ez da izango lantaldeko kide iraunkorra, eta gonbidatu gisa baino ezingo luke parte hartu, talde parlamentarioak hala erabakiko balute. Nolanahi ere, ezker abertzaleak uko egin dio gonbidatu gisa baino ez parte hartzeari.

Aralar ezker abertzalerik gabeko lantaldearen aurka agertu zen eta, beraz, kontra bozkatzeko agindu zien bere legebiltzarkideei. Lauetako hiruk, baina, agindua urratu eta alde bozkatu zuten. Aintzane Ezenarro lantaldeko kide iraunkorra da, baina Aralarreko zuzendaritza erabaki horretatik aldendu da, eta alderdiak, berez, ez duela parte hartzen ohartarazi du.

Jesus Loza Eusko Jaurlaritzaren bizikidetzarako ordezkariak dagoeneko eskatu du lantaldean agerraldia egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea