Politika -

ETAko presoak

Ezker abertzalea: 'Dispertsioak bost egunean baliogabetu du plana'

Presoen hainbat senidek asteburuan bi trafiko istripu izan ondoren, Txelui Morenok gogor kritikatu du Gobernuaren gizarteratze plana, ''dispertsio politika mantentzeko asmoa'' duelako.

Txelui Moreno, artxiboko irudi batean. EITB
Ezker abertzalea: 'Dispertsioak bost egunean baliogabetu du plana'
Txelui Moreno, artxiboko irudi batean. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txelui Moreno ezker abertzalearen bozeramailearen hitzetan, ''sakabanatzearen gordintasunak bost egunetan baliogabetu du Barne Ministerioaren plana''. Presoen hainbat senidek asteburuan bi trafiko istripu izan ondoren egin ditu adierazpenok Morenok.

Ezker abertzaleak Gobernuak iragarritako plana kritikatu du astelehen honetan, ''dispertsio politika mantendu ahal izateko exijentzia berriak'' ezartzen dituelako. ''Euskal preso politikoei eta haien familiako kideei ezartzen zaien mendeku politika berehala eta baldintzarik gabe eten beharra dago'', eskatu du Morenok.

Prentsaurreko batean, ezker abertzalearen bozeramaileak esan du ''eskubideen errespetua'' ezin dela exijentzia politikoekin uztartu. Ildo horretan, ''gaixotasun larriak dituzten presoak zein zigorra bete dutenak kartzelatik kanpo egotea'' eskubideak direla nabarmendu du.

Ezarritako zigorra euren etxebizitzatik gertu dagoen kartzela batean betetzeko presoek duten eskubidea ''txantaia politikoa'' egiteko erabiltzen jarraitzen dutela salatu du. Horren hitzetan, Barne Ministerioak egindako proposamenak ''garai berria modu egokian kudeatzeko asmoa antzezteko'' helburua du.

''ETAren eta Espainiako eta Frantziako Gobernuen arteko elkarrizketa erabakitzailea'' eskatu du ezker abertzaleak, eta herritarrei ere mobilizatzeko deia egin die, ''dispertsioaren drama eteteko''.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea