Politika -

Ostegunean epaiketa hasiko da

D3M eta Askatasunako auzipetuak: 'Ez dute irtenbidea oztopatuko'

D3M eta Askatasunaren auziko auzipetuen arabera, euren aurkako epaiketa erabat "politikoa" da, euskal gatazka konponbidean sartzearen alde direnen lana "oztopatzeko".

D3M eta Askatasunako auzipetuak. Argazkia: EITB
D3M eta Askatasunako auzipetuak. Argazkia: EITB
'Epaiketa politikoekin' amaitzeko deia egin dute Askatasuna eta D3Mko auzipetuek

02:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegunean hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean Demokrazia 3 Milioi (D3M) eta Askatasuna hauteskunde plataformen aurkako epaiketa. Horregatik, auzipetuek agerraldia egin dute Bilbon, herritarrei larunbatean izango den "epaiketa politikoen aurkako" manifestazioan parte hartzeko eskatuz.

Auzipetuek "defentsa-gabezia" salatu dute, epaiketa hasi baino lau egun lehenago ez dakitelako epaileak nortzuk izango diren. Horrez gain, defentsak proposatutako 64 lekukoetatik sei bakarrik onartu dituztela kritikatu dute.

D3M eta Askatasunaren auziko auzipetuen arabera, euren aurkako epaiketa erabat "politikoa" da, euskal gatazka konponbidean sartzearen alde direnen lana "oztopatzeko".

Horregatik, ostegunean, euren aurkako epaiketa hasten den egun berean, Euskal Herri osoan izango diren mobilizazioan eta larunbatean izango den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Agerraldian Amparo Lasherasek eta Arantza Urkaregik hitz egin dute, 13 auzipetuen izenean. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 7 eta 9 urte arteko kartzela zigorra eskatuko du, ETAko kideak izatea egotzita edo ETAri laguntzea leporatuta.

2009ko EAEko hauteskundeei begira, ezker abertzaleak Askatasuna eta D3M plataformak aurkeztu zituen. Auzitegi Gorenak eta Epaitegi Konstituzionalak legez kanpo utzi zituen, Alderdien Legea aplikatuz.

Auzipetuen hitzetan, egindako "delitu bakarra", euskal herritarrei "eskaintza abertzalea eta ezkertiarra" aurkeztea izan zen. Horregatik, epaiketa "oso lasai" hartuko dutela gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea