Politika -
Gobernuaren neurria
Alderdien iritziak presoen gizarteratze planaren inguruan
PSE-EEk eta EAJk begi onez jo dute egitasmoa, baina pauso gehiago eskatu dituzte. Bilduk, berriz, ez du aurrerapausorik ikusten eta euskal "preso politikoak berehala aberriratzea" eskatu du.
Erredakzioa
PPk presoak gizarteratzeko Gobernuak abian jarri duen egitasmoa egokia dela aldarrikatu du, PSE-EEk eta EAJk begi onez jo dute eta Bilduk ez du aurrerapausorik ikusten.
Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak esan du babesa emango diotela presoak gizarteratzeko egitasmoari, baina Gobernuaren "lehenengo pausoa" izatea eta etorkizunean neurri gehiago hartzea espero du.
Erkorekak gogora ekarri duenez, EAJk kartzela-politika malgua eskatu izan dio Gobernuari. Hori dela eta, Barne Ministerioak iragarritako neurria gustura hartu du, izan ere, "azkenean mugimenduak egitea erabaki du blokeatuta zegoen egoera baten aurrean".
Martin Garitano (Bildu) Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, ez du aurrerapausorik ikusten egitasmo horretan eta euskal "preso politiko guztiak berehala aberriratzea" exijitu du.
Gernikan hedabideen aurrean azaldu duenez, Gobernuaren neurri horiek ez dira "aurrerapauso nabarmena" kartzela-politikan.
Haren esanetan, "gizarte normalizatu batek ezin ditu 700 preso politiko eduki" eta PPren Gobernua "inmobilismoan" dagoela salatu du.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak oniritzia eman dio planari eta, "bigarren urrats batean", presoak hurbiltzea espero duela gaineratu du.
"Pauso bat da norabide onean, eta zerikusi handia dauka Kongresuan [ETAren azkena kudeatzeko] ia aho batez onartutako proposamenarekin", esan du.
Planaren prestaketan Jesus Loza Eusko Jaurlaritzaren bizidekitzarako ordezkariak parte hartu duen galdetuta, buruzagi sozialistak baieztatu du zerikusia izan duela, "hartu-eman zuhurrak izan baititu Barne Ministerioarekin eta Espetxe Zuzendaritzarekin tankera horretako neurri legalak ezartzeko".
Leopoldo Barreda PPko diputatuaren esanetan, plana "ETAk nahi duenaren aurkakoa" da.
Barredak nabarmendu du Gobernuaren planak banakako birgizarteratze neurriak dituela oinarri, betiere "epaileen kontrolarekin eta espetxe legediaren arabera". Horren ildotik, Barredak azaldu du ETAk "preso guztientzako erabaki globalak" nahi dituela.
Aralarren hitzetan, plan horrek "ez dio oinarrizko arazoari erantzuna ematen, eta beraz, ez da eraginkorra izango". Presoek ez diote indarkeriari uko egin behar; izan ere, ETAk indarkeria behin betiko utziko zuela iragarri zuen, Aralarren esanetan.
Nafarroan, Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak esan du planaren zehetasunak ezagutu nahi dituela, eta salatu du ETAk ez duela "behin betiko pausoa" eman, hau da, "desegitea eta armak uztea".
Paul Rios Lokarriko koordinatzaile nagusiak neurriak azaltzea eskatu dio gobernuari, "preso guztiek planarekin bat egin ahal izateko zer egin behar duten jakin dezaten".