Politika -

Osoko Bilkura

Presoek EHUn ikasteko aukera izan dezaten defendatu du Legebiltzarrak

ETAko presoek EHUn ikasi ahal izateko, espetxe zuzendaritzak eta EHUk hitzarmena izenpetu beharko lukete, duela urte batzuk zutenaren antzerako akordioa.

Presoek EHUn ikasteko aukerak eztabaida piztu du Legebiltzarrean

01:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Espainiako espetxeetan preso dauden ETAko kideak EHUko unibertsitatean ikasketak egiteko aukera izan dezaten defendatu du, eta ez bakarrik UNEDen. Espetxe zuzendaritzaren eta EHUren artean akordioa adosteko eskatu du gaur Legebiltzarreko osoko bilkurak.

ETAko presoek EHUn ikasi ahal izateko, espetxe zuzendaritzak eta EHUk hitzarmena izenpetu beharko lukete, duela urte batzuk zutenaren antzerako akordioa.

Eusko Alkartasunak (EA) eta PSEk ekimen bateratua aurkeztu dute, eta EAJk, Aralarrek eta Ezker Anitza-IUk aldeko botoa eman dute. Alderdi popularra eta UpyD izan dira ekimen honen aurka agertu diren talde bakarrak. EHUn ikasketak egiten dituzten presoen auzian Auzitegi Konstituzionalak unibertsitatearen aldeko epaia kaleratu zuen. Hala ere, zigorra Espainian betetzen ari diren euskal presoek ikasketak egin ahal izateko, Espetxe Zuzendaritzarekin hitzarmen bat sinatu beharra dago.

2009ko apirilean, Estatuko eta atzerriko presoak EHUn matrikulatzeko protokoloa bertan behera utzi zuen Gorenak.

Gaur onartu duten ekimenaren bitartez, Eusko Legebiltzarrak espetxe zuzendaritzari eta EHUri hitzarmena adosteko eskatu die, datorren urtetik aurrera, ETAko presoek EHUn ikasteko aukera berreskura dezaten.

Horrez gain, Hezkuntza Sailari hitzarmen hura lortzen laguntzeko eskatu dio Legebiltzarrak.

Bizkartzainei aitorpena

Bestalde, ETAk mehatxatutako pertsonekin bizkartzain pribatuek egindako "lan garrantzitsua" goraipatu du Eusko Legebiltzarrak. Horrez gain, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari bizkartzainei zuzendutako enplegu plan berezi bat abian jartzea eskatu diete, pertsona horiei lan berri bat aurkitzen laguntzeko.

Talde guztiek PSEk proposatutako ekimenaren lehenengo puntuaren alde egin dute: bizkartzain pribatuen lanari aitorpena egitea. Hala ere, EAJk, Aralarrek, EAk eta Ezker Anitza-IUk ez dute plan berezia sortzearen alde bozkatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea