Politika -
Kontrol-saioa
Patxi Lopez, ongizatea bermatuko duen autogobernuaren alde
Lehendakariak Rajoyren Gobernuari ohartarazi dio ez diola utziko, defizitaren "aitzakiarekin", "Hezkuntza eta Osasuna" itotzen; halere, nabarmendu du Euskadi ez dela "intsumiso" izango.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak Gobernu Zentralari ohartarazi dio ez diola utziko, defizit publikoaren "aitzakia" erabilita, "Hezkuntza eta Osasuna" itotzen; hori dela eta, Euskadiren autogobernuaren ahalmen guztia ongizatea bermatzeko erabiliko duela esan du.
Hori erantzun dio Patxi Lopezek gaurko kontrol-saioan Rajoyren Gobernuak Osasuna eta Hezkuntzan 10.000 milioi euro aurrezteko hartuko dituen neurrien inguruan PSE-EEk egin dion galderari.
Lehendakariak onartu du, krisi egoera kontuan hartuta, beharrezkoa dela erakunde publikoen defizita murriztea. Halere, ohartarazi du honek ezingo duela balio Osasuna eta Hezkuntza "itotzeko".
Gainera, gaineratu duenez, Europar Batasunean azken urteotan hartuta neurriek ez dute langabezia handitu eta ekonomia moteldu besterik egin.
Hori dela eta, ziurtatu du "lehendakaria" ez dela izango "ongizate estatua" etengo duena; horregatik Euskadiren autogobernuaren aukera guztiak erabiliko ditu oinarrizko zerbitzu publikoak defendatze aldera.
Euskadin, intsumisiorik ez
Hala ere, Patxi Lopezek nabarmendu duenez, "Jaurlaritza ez da intsumiso izango. Derrigorrezkoak diren eta aukeratzeko besterik uzten ez diguten neurriak beteko ditugu, eskumenak urratzen dituztenei helegitea jarriko diegu eta beharrezko dugunaren kontrakoak direnak ez ditugu aplikatuko".
Lehendakariak kritikatu egin du aurkeztutako murrizketa eredua eta ohartarazi du bera ez dela izango "Ongizate Estatua eta Euskadiko politika publikoak etengo dituen lehendakaria izango". Gainera, euskal autogobernua "gorputz eta arimaz" defendatuko duela azpimarratu du.
'Murriztu eta murriztu'
Bestalde, Rajoyren Gobernuak neurriak iragartzeko erabili duen modua ez ezik, iragarritako neurrien "mamia" ere deitoratu du lehendakariak, "oso larriak" baitira. Nahiz eta onartu egin duen murrizte neurriak beharrezkoak direla, "ezin dira edonola eta edozein preziotan egin", ohartarazi du.
Horren ildotik, Patxi Lopezen hitzetan, Europan azken hiru urteetan ezarri den "murrizketa etengabeen" politikak atzeraldia eta herrialde batzuen "pobrezia" ekarri ditu. Gainera, neurri horiek lanpostuak suntsitzen eta ongizate estatua "desegiten" ari direla nabarmendu du.