Politika -

Polemika

Bere 'txantxa'k ez zuela Patxi Lopez gutxietsi nahi esan du Basagoitik

Aurretik, Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Isabel Celaa sailburuak "txistea" egin nahi izana eta lehendakariari errespetua galtzea leporatu dio PPko liderrari.

Basagoitik Homer Simpsonekin alderatu zuen Patxi Lopez lehendakaria. Efe.
Basagoitik Homer Simpsonekin alderatu zuen Patxi Lopez lehendakaria.
Lopez Homer Simpsonekin alderatzean 'txantxetan' zela dio Basagoitik

01:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak ostegunean egindako 'txantxa'rekin ez zuela Patxi Lopez lehendakaria mespretxatu nahi esan du. Basagoitiren hitzetan, bere asmoa lehendakariak gobernatzeko PPrekin egindako akordioa "balioestea" zen.

Gainera, Basagoitik esan duenez, Patxi Lopezek legegintzaldia amaitzeko asmoa du, baina, era berean, kargua Rajoyren Gobernuaren neurrien kontra "demagogia egiteko" ez erabiltzeko eskatu dio.

Legebiltzarreko pasilloetan hedabideei egindako adierazpenetan, Basagoitik ostegunean lehendakariari esandakoen gainean aritu da. Adierazpen haien arabera, Euskadin "erakundeetako goi-ordezkari bat" Mariano Rajoyren Gobernuari ekonomia-eskolak ematen ari zaio nahiz eta "Homer Simpsonek baino titulu gutxiago izan".

PPko liderrak azpimarratu egin du bere asmoa ez dela lehendakariari "mespretxu" egitea, "kritika sakona" egitea baizik, "arlo pertsonalean sartu barik". Basagoitiren azalpenen arabera, Patxi Lopezen Gobernuaren jarrera kritikatu nahi zuen "azken aldian Euskaditik Rajoyri oposizioa egiten ari direlako, euskal herritarrak ordezkatu beharrean".

Horren harian, Patxi Lopezek "lehendakari moduan gauza on asko" egin dituela esan du PPko liderrak, baina ez du argitu nahi izan osteguneko adierazpenen ostean lehendakariarekin hitz egin duen ala ez.

Celaak barkamena eskatzeko esan dio

Basagoitik adierazpen horiek egin aurretik, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak "egindakoa zuzendu eta lehendakariari barkamena eskatzeko" exijitu dio Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

Bilbon egindako ekitaldian, Celaak esan du Basagoitik ostegunean egindako adierazpenak "edukirik gabekoak" zirela esan du; "txistea egiten saiatu zen, baina ez zuen graziarik egin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea