Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Rajoyk euskal autogobernua urratuko duela salatu du Jaurlaritzak
Isabel Celaak uste du Espainiako Gobernua iragartzen ari den neurriekin Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenak bere egin nahi dituela Mariano Rajoyk.
Erredakzioa
Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak uste du Espainiako Gobernuak Hezkuntzaren eskumena bere egin nahi duela, baina ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela autogobernuaren urraketarik onartuko.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Celaak esan du Mariano Rajoyren politika "murrizketetan eta Zuzenbide Estatuaren desegitean" baino ez dela oinarritzen.
"Hau ez da serioa, Alderdi Popularra norabide gabe ari baita lanean. Hezkuntza ukitzeak, etorkizuna ukitzea suposatzen du, eta Euskadiren kasuan, Espainiako Gobernua iragartzen ari den neurriekin Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenak urratzen egon daitezke", kritikatu du.
Ildo horretan, Jose Antonio Wert Hezkuntza ministroak aurkeztutako neurrietatik hiruk Jaurlaritzaren eskumenak urra dezaketela azpimarratu du; izan ere, orain arte "Euskadik antolatzen zuen bere hezkuntza sistema, hala nola, ordezkapenak nola egin edo zenbat ordu sartu".
Horrenbestez, autogobernuan "atzera" egiten ari garela esan du Celaak. "Gure esku zeuden eskumenak Espainiako Gobernuari itzultzea nahi dute", salatu du.
Inolako dokumentaziorik gabe
Gauzak horrela, Hezkuntza sailburuak iragarri du egitasmoaren xehetasun guztiak zorrotz aztertuko dituztela, baina oraindik inolako dokumenturik jaso ez dutela ere gogor kritikatu du. "Bihar bertan nahi dute lege-dekretu erreal bat aurkeztu aipatu neurriak erregulatzeko, baina oraindik ez digute dokumentu bakar bat bera ere eman, eta hori errespetu falta izugarria da", erantsi du.
Hezkuntzarako lan-eskaintza publikoa
Bestalde, datorren ekainaren 16an Barakaldoko BECen Hezkuntzarako lan-eskaintza publikoa izango dela jakinarazi du. Horrenbestez, "lan-eskaintza publikoa kolokan zegoela eta sortutako beldurrak alboratuta geratzen dira", esan du.
Barkamena eskatzeko exigitu dio Basagoitiri
Amaitzeko, atzo Antonio Basagoitik Patxi Lopez lehendakaria Homer Simpson pertsonaiarekin alderatu izan gogor kritikatu du.
"Basagoitik atzera egin behar du eta lehendakariari barkamenak eskatu behar dizkio. Lehendakariarenganako errespetu falta izan da, instituzio moduan nahiz pertsona moduan. Irainetara jotzen duenak argumenturik ez duelako da", azpimarratu du.