Politika -
Presoak
Patxi Lopezen erantzuna EPPKri: 'Ez da irtenbide kolektiborik izango'
Presoei gezurrik ez esateko eskatu dio kolektiboari: "Ez da amnistiarik edo irtenbide kolektiborik izango". Era berean, ETA desegin dadila eskatzeko exijitu dio lehendakariak EPPKri.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak ETA desegin dadila eskatzeko eta presoei gezurrik ez esateko eskatu die EPPKren (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) ordezkari berriei, izan ere, "ez da amnistiarik edo irtenbide kolektiborik izango".
Patxi Lopezek erantzun horixe eman die EPPKren ordezkari berriek Gara eta Berria egunkarietan egin duten elkarrizketan egindako adierazpenei.
Lehendakariak ez du elkarrizketan esandakoa "interpretatu" nahi izan eta EPPKri ETA desegin dadila eskatu eta irtenbide politikorik ez dela izango azpimarratu besterik ez du egin.
Horrez gain, kolektiboaren "diktadurapean" dauden presoak "askatzea" eskatu dio EPPKri.
Iñigo Cabacas
Iñigo Cabacas gaztearen heriotzaren inguruan galdetuta, lehendakariak berretsi du Jaurlaritzak "gertatutakoa argitzea" duela helburu.
Ezker abertzaleak gertatutakoa "erabili" nahi izan duela azpimarratu du. Gomazko piloten inguruan hartutako erabakia dela eta, Cabacas hil aurretik "beste material batzuekin probak egiten" ari zirela jakinarazi du.