Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Parot doktrina ezin da ezarri behin betiko zigorra bete ostean
Behin betiko zigorra bete ostean kondena luzatzeak ebazpen judizialen ukiezintasun eskubidea urratzen duela adierazi du Auzitegi Konstituzionalak
Erredakzioa
Parot doktrinaren aurka jarritako lehen helegitearen berri eman du Auzitegi Konstituzionalak. Behin betiko zigorra bete ostean kondena luzatzeak ebazpen judizialen ukiezintasun eskubidea urratzen duela adierazi du.
Jose Maria Perez Diaz ETAko presoari jarritako zigorra bertan behera gelditu da. 1989an 197 urteko espetxe zigorra jarri zioten Zarautzen (Gipuzkoa) lehergailu bat jarri eta Guardia Zibil bat hiltzeagatik.
2008ko azaroaren 19an, Auzitegi Nazionalak urte horretan behin betiko zigorra onartzeko erabakia hartu zuen, eta aldeek ez zuten helegiterik jarri, hortaz erabakia irmoa bilakatu zen.
Egun bat beranduago, ordea, Burgoseko espetxeak egun horretan aske utzi behar al zuen edo Parot doktrina (Gorenak 2006an jarri zuen) ezarri behar al zitzaion galdetu zuen. Era honetan, zigor murrizketak kondena bakoitzari ezartzen zitzaizkion, urte kopuru guztiari baino, kasu honetan, 30 urte.
Fiskaltzari entzun ostean, Auzitegiak doktrina ezartzeko agindua eman zuen eta espetxetik ateratzeko data 2017ra arte atzeratu zuen.
Baina orain aho batez onartu duten epairen arabera, segurtasun juridikoaren oinarriak "epaileek eta auzitegiek kasu zehatz batean egindako epaiketa bat berrikustea" eragozten dute, "nahiz eta beranduago, hartutako erabakiak legediarekin bat egiten ez duela ulertzen duten".
Jose Maria Perez Diaz joan den martxaoren 30ean aske gelditu zen, Konstituzionalak helegitea aintzat hartu eta 24 ordura. Parot doktrina ETAko 77 presori ezarri zaie, baita delitu arruntengatik kondenatuta dauden beste preso batzuei ere. Askok helegitea jarri dute eta Auzitegiak erantzuna noiz emango zain daude.