Politika -
Aberri eguna
Urkulluk Rajoyri: 'Presoak hurbiltzea eta elkarrizketa posibleak dira'
"Aro berri baten " Aberri Eguna nabarmendu du Urkulluk, "indarkeriaren porrotarena". Helburua "Euskadin pentsatzen duen lehendakari batekin, Gobernua berreskuratzea da".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari "mugitzeko" eskatu dio bakea eta normalizazioa lortzeko, "presoak hurbiltzea, ezker abertzaleak parte hartzea eta elkarrizketa erabakitzailea posibleak direlako".
Jeltzaleek Bilboko Plaza Barrian egin dute Aberri Eguneko ekitaldia, "Euskadi bizia. Nazio gehiago" lelopean. Euskadi "etorkizunaren jabe" dela defendatu du Urkulluk. Ildo honetan, "Europako beste nazioekin berdintasun osoa" lortzeko konpromisoa azaldu du.
Zibilen aurka gerra zibilean "faxistek" egindako bonbardaketa latzen 75. urteurrenean eta ETAk, behin betiko su etena iragarri duenean, "aro berri baten" Aberri Eguna bizitzen dela nabarmendu du Urkulluk, "indarkeriaren porrotarena". "Herri honek izuaren gatazkari irabazi dio eta orain, etorkizun berri baten gatazka irabaziko dugu".
Egungo arau juridikoek "ekintzarako tartea uzten dute, presoak hurbiltzeko, denon parte hartze politikorako eta elkarrizketa erabakitzaileetarako", adierazi du Urkulluk.
Gobernua berreskuratzea
Helburua "Gobernua berreskuratzea da, Euskadin pentsatzen duen lehendakari batekin, bere aberriaren eguna ospatzen duen lehendakariarekin", esan du Urkulluk.
Era honetan, Patxi Lopez kritikatu du "kanpainaz kanpaina joaten da, horretan soilik da lehena, hauteskunde kanpaina hastean. "Etengabeko kanpainaren lehendakaria da, Espainiaren txaloa bilatzen bizi dena Euskadirekiko konpromisoa beharrean".