Politika -
Bakerako lantaldea
Pastor: 'Ezenarro foroaren buru izateko aukera mahai gainean dago'
Ordezkari sozialistaren hitzetan, "bidezkoa da" Ezenarrok Bakea eta Elkarbizitzarako foroaren sorreran izan duen "zeregin garrantzitsua" aintzat hartzea.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ez du baztertu Aintzane Ezenarro Aralarreko bozeramailea Bakea eta Elkarbizitzarako Foroaren buru izateko aukera. Hala ere, onartu egin du Foroaren burua PPko norbait izatea ere eztabaidatu dute, "foroaren sorreraren aurrean mesfidati agertzen zirenean".
Horrez gain, Legebiltzarrak onartutako Bakerako lantaldea Pazkoako astearen ondoren abian jarriko dela iragarri du. Foroa hurrego legegintzaldean ere lanean jarraituko duela ziurtatu du Pastorrek.
Europa Press agentziari egindako adierazpenetan, Pastorrek esan du, "bidezkoa" dela Ezenarrok Bakea eta Elkarbizitzarako foroaren sorreran izan duen "zeregin garrantzitsua" aintzat hartzea. Testuinguru horretan "mahai gainean dagoen aukeretariko bat" Aintzane Ezenarro Foroaren buru izatea dela onartu du.
PPren beldurra
PPren "oinarri gabeko" beldurrei dagokienez, legez kanpoko Batasuneko kideek ezin dutela Foroan parte hartu azpimarratu du, "Legebiltzarreko araudia oso garbia da zentzu horretan".
Gainera, Pastorren hitzetan, lehendakariak berak eta PSE-EEk "nahikoa berme eman dute Foroaren inguruan, Batasunaren bozeramaile bihurtuko ez dela ziurtatuta".
Era berean, ezker abertzaleak berak Foroan parte-hartzeko asmorik agertu ez duela ere gogorarazi du.