Politika -
'Parot dotrina'
Nazioartera joko dute 'Parot dotrina' salatzeko
Euskal presoen abokatuek agerraldia egin dute gaur Konstituzionalaren ebazpena "fase politiko berriaren kontrako erasoa" dela kritikatzeko.
Erredakzioa
Euskal presoen abokatuek prentsaurrekoa eman dute gaur Auzitegi Konstituzionalak 'Parot dotrina'ren inguruan eman zuen ebazpena salatzeko, izan ere, Euskal Herrian ireki den "fase politiko berriaren kontrako erasoa" dela eta "beste behin ere" auzitegiek botere politikoaren aurrean "men egin" dutela uste dute.
Horixe adierazi dute besteak beste Arantza Zulueta, Ainhoa Baglietto eta Alfonso Zenon abokatuek Bilbon emandako prentsaurreko batean.
Zenonek azaldu duenez, Auzitegi Konstituzionalaren jokatzeko modua "harrigarria" da eta ebazpenak osorik jakinarazten direnean nazioarteko auzitegietara, Estrasburgora edo Nazio Batuen Erakundera, joko dute. "Baliabide guztiak agortuko ditugu", adierazi du Zenonek.
Gainera, Zenonek ez du ulertzen nola Konstituzionalak preso batzuk babestu dituen eta "egoera berberean" zeuden beste batzuk ez.