Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Zabaleta: 'Ezenarrok, Basabek eta Erostarbek ez dute erantzun nahi'
Aralarreko buruak esan du hiru legebiltzarkideek ez dietela erantzun nahi izan zuzendaritzak bidalitako mezu elektronikoei.
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak adierazi du "ideologikoki serioa" izan nahi duen alderdi batek ezin dituela "onartu" defendatzen dituen balioen aurkako jarrerak.
Horrela, Zabaletak hizpide hartu du Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe Aralarreko legebiltzarkideek bake eta bizikidetza lantaldearen alde bozkatu izana, alderdiko zuzendaritzak aurka egiteko agindu bazien ere.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Zabaletak azaldu du ostiralean eta atzo mezu elektronikoak igorri zizkietela aipatu hiru legebiltzarkideei, baina ez dituztela "erantzun nahi izan".
"Mingarria da, ez digute erantzun, erantzuteko eskatu bagenien ere. Zalantza barik, askoz gehiago entzun dituzte PSEren, PPren eta EAJren hitzak gureak baino. Gaur prentsaurrekoa eskainiko dute, eta guri baino lehenago hedabideei esango diete zer pentsatzen duten", deitoratu du.
"Norbaitek pentsa dezake Amaiurren sartzea izan dela [hausturaren] kausa. Amaiurren ez sartzea % 28k defendatu dute alderdi barruan, baina horiek ere leial izaten jarraitu dute. Ideologikoki serioa izan nahi duen alderdi batek ezin ditu onartu bere balioen aurkako jarrerak", gaineratu du. Balio horien artean, "giza eskubideak, berdintasuna eta bazterketarik gabeko elkarrizketa" aipatu ditu. Hiru legebiltzarkideek defendatu zuten lantaldeari dagokionez, Zabaletak nabarmendu du "hilda" jaio dela eta ez duela "ezertarako balioko", ez baita "duina" eta proposatzen duen elkarrizketa ez baitago "giza eskubideetan oinarrituta". Halaber, etorkizuneko elkarrizketentzat "oztopo" izango dela iritzi dio.