Politika -

Bakerako lantaldea

Ezker abertzalea ez da 'bazterketan oinarritutako forora' joango

Lantaldea "bazterketaren koordenatuekin" hasi dela nabarmendu dute Maribi Ugarteburuk eta Pernando Barrenak.

Maribi Ugarteburu Bilbon. EITB
Maribi Ugarteburu Bilbon. EITB
Ezker Abertzaleak ez du Legebiltzarreko bake lantaldean parte hartuko

00:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak iragarri du, gonbidatuak izan arren, ez direla Legebiltzarrak onartu duen bake eta elkarbizitza lantaldera joango, "bazterketan oinarrituta dagoelako eta agente guztien parte-hartze berdina bermatzen ez duelako".

Bilbon egon da Ugarteburu Pernando Barrenarekin batera, atzo onartu zuten bake eta elkarbizitza lantaldearen balorazioa egiteko. Alderdi guztien bozei esker onartu zen, EAren, UPyDren eta Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidearen kontrako bozak izan arren.

"Gonbidatuak izango bagina, ez ginateke joango, lehen eta bigarren mailako parte-hartzaileen ezberdintasunarekin eta bazterketaren koordenatuekin hasi delako", esan du Ugarteburuk. "Denen parte-hartze bera bermatzen den foroetara soilik" joango direla gaineratu du.

Pernando Barrena ildo beretik mintzatu da. "Ezker abertzalearen betoan eta irabazle eta galtzaileen kontakizunean oinarritzen da", adierazi du. "Salbuespeneko egoerekin amaitu behar da, horiek sustatu beharrean".

Alderdien Legearengatik, Legebiltzarrean ezker abertzalea ez dagoela gogoratu du Barrenak, eta bere ustez, "apartheid politikoaren isla da".

Ezker abertzalearentzat, gatazkaren irtenbidea Aieteko adierazpenean oinarritutako elkarrizketa eta akordio prozesuan datza, besteak beste, "alde guztien arteko" elkarrizketarekin, eta presoen eta armak uztearen inguruan ETAren eta Gobernuaren arteko hizketaldiarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea