Politika -
Bakea eta elkarbizitza
Legebiltzarreko gehiengo zabalak babestu du lantaldearen sorrera
EAJk, PSE-EEk, Aralarrek (Dani Maeztu izan ezik), Ezker Anitzak eta PPk lantaldea sortzearen aldeko botoa eman dute, EAk eta UPyDk, kontrakoa.
Manu Gimenez
Eusko Legebiltzarrak Bakeari eta Elkarbizitzari buruzko lantaldea sortzea onartu du gaur EAJren, PSE-EEren, Aralarren, PPren eta Ezker Anitzaren aldeko botoei esker. EAk, UPyDk eta Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak kontra bozkatu dute.
Akordioan agertzen denez, "bakerako eta elkarbizitzarako" lantalde bat osatuko da, eta "eraginkorra eta irekia izango da, alderdi politiko, erakunde eta eragile sozial desberdinen proposamenak jasoko dituelako".
Akordioa bi asteko negoziazio sekretuen ostean iritsi da. Lantaldearen helburua eta ezker abertzalearen presentzia izan dira eztabaidagai nagusiak.
Aralarrek gaurko osoko-bilkuran egin duen lehenengo agerraldian iragarri du akordioa lotuta zegoela. Bozketan, ordea, Dani Maeztu legebiltzarkideak, Aralarren zuzendaritzaren irizpideari jarraituz, lantaldea osatzearen kontra bozkatu.
PPk ekimenaren alde bozkatu du, lehendakariaren "bermea" baitu lantaldea ez dela "ETAren bozgorailu" izango eta haren indarkeriari zilegitasuna kentzeko balioko duela.
EAk, ordea, kontra bozkatu du, izan ere, "zertarako balio du foroak, ezker abertzalea ez badago, euskal gizarte osoa ordezkatuta ez badago?".
Ezker Anitzak, bere aldetik, ekimenaren alde bozkatu du, eta UPyDk, kontra.
Mikel Arana Ezker Anitzaren ordezkariak lantaldearen sorrera babestu du eta hurrengo Legegintzaldian ere lantaldeak martxan jarraitzea espero du, "Legebiltzarrean ez baita inor faltako eta berdintasunean" jardun ahal izango dute denek.
UPyDren aldetik, Gorka Maneiro legebiltzarkideak gogor errefusatu du lantaldearen sorrera "Batasunaren interesez" hitz egiteko bakarrik balioko duelakoan.
Ez da ezustekorik izan eta PSE-EE eta EAJ ere lantaldea osatzearen alde agertu dira.
Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak lantaldearen sorrera babestu du "elkarrizketarako leihoa" irekitzen duelako eta sortu ezean "zail izango delako iritziak trukatzea". "Zirrikitu guztiak baliatu behar ditugu elkarrizketa gauzatzeko", "bazterketarik gabe, bakea gurea baita, ez norbanakoarena", berretsi du Egibarrek.
Jose Antonio Pastor PSE-EEren legebiltzarkideak, bere aldetik, oharra igorri dio ezker abertzaleari: "Ezin dute haien nahien erara Legebiltzarrean agertu". Izan ere, legebiltzarkide sozialistak gogorarazi du "terrorismoaren eta poliziaren biktimen" kasuan egin zuten moduan, ez diotela ezker abertzaleari itxarongo "demokraziara eta legaltasunera itzultzen den arte".
kide iraunkorrak legebiltzarkideak soilik