Politika -
Erabakia
Konstituzionalak oniritzia eman dio 'Parot doktrina'ri
Auzitegiak errefusatu egin ditu 31 presok aurkeztutako helegiteetako 28, eta onartu egin ditu ETAko hiru presok jarritakoak.
Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak errefusatu egin ditu 31 presok (gehienak ETAkoak) 'Parot doktrina'ren aurka aurkeztutako helegiteetako 28, eta onartu egin ditu erakunde terroristako hiru presok aurkeztutakoak. Horrenbestez, aurki espetxetik ateratzea espero da.
Auzitegiak jakinarazi duenez, babesa jaso duten hiru presoak hauek dira: Jose Ignacio Gaztañaba Bidaurreta, Jose Maria Perez Diaz eta Juan Maria Igarataundi Peñagarikano.
'Parot doktrina' ezarri baino lehen, aipatu hiru presoek epai irmoak jaso zituzten euren zigor murrizketei buruz.
Jose Ignacio Gaztañaga 1985ean Gasteizen polizia bat hiltzeagatik zegoen espetxean. Perez Diazi 197 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 1989an, Guardia Zibilaren auto batean bonba bat eztandarazi eta agente bat hiltzeagatik. Igarataundi hainbat atentatutan parte hartzeagatik kartzelatu zuten.
ETAkoak ez diren eta Konstituzionalak helegitea errefusatu dieten presoen artean droga trafikatzaile galiziar bat eta delitu arruntengatik zigortutako bi polizia ohi daude.