Politika -
Terrorismoaren biktimak
Covitek biktimekiko 'desleialtasun' politikak gaitzetsiko ditu
Covitek "egiten ari diren edo egin nahi diren bidegabekerien aurrean" ez direla "inoiz" isilduko ohartarazi dio lehendakariari.
Erredakzioa
Covite terrorismoaren biktimen elkarteak "euren egitekoa" ez dela "politika jakin batzuen zentsore" gisa jardutea azaldu du, baina euren familiaren "memoriarekin desleialak diren politika guztiak zentsuratuko" dituztela azpimarratu du.
Hala, Patxi Lopez lehendakariari, hori egingo duten "zalantzarik ez" dezala izan ohartarazi dio elkarteak eta "egiten ari diren eta egin nahi dituzten bidegabekerien aurrean inoiz ez direla isilduko" ziurtatu dute.
Patxi Lopezengan eta Jesus Loza elkarbizitzarako eta bakerako ordezkariarengan "biktimek politika jakin batzuen zentsore" ez dutela izan behar edota biktimen papera ez dela "terrorismoaren kontrako politika zuzentzea" bezalako adierazpenak egiten dituztenean "errezelo eta ardura apur bat" sumatzen dituztela adierazi dute elkarteko ordezkariek.
"Lehendakariak eta bakerako eta elkarbizitzarako bere ordezkariak biktimek egin edo esan behar dugunaren inguruan erakusten duten ardura hori terrorismoaren kontrako gaietan dituzten ezkutuko asmoen isla baino ez dira", azpimarratu dute.
"Kontziente gara biktimak deserosoak izango garen garai batean bizi garela", gaineratu du Covitek, eta euren senideak hil zituztenak "aske utzi eta erakundeetan nola sartzen diren" ikusita ez direla "isilik" egongo esan du elkarteak.