Politika -
Auzitegi Gorena
Otegiren 10 urteko zigorrari eusteko eskatuko dio Fiskaltzak Gorenari
Fiskaltzak gaur izango duen jarreraren inguruan eta hamar urteko kartzela eskaera mantenduko duen galdetu diote kazetariek Torres-Dulce fiskalari. "Bai, printzipioz bai", erantzun du.
Erredakzioa
Fiskaltzak Arnaldo Otegiren 10 urteko zigorrari eusteko eskatuko dio gaur Auzitegi Gorenari, Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal orokorrak iragarri duenez. Batasuna berregituratzen saiatzea leporatu zion Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegiri, eta 10 urteko kartzela zigorra ezarri zioten.
Fiskaltzak gaur izango duen jarreraren inguruan eta hamar urteko kartzela eskaera mantenduko duen galdetu diote kazetariek Torres-Dulce fiskalari. "Bai, printzipioz bai", erantzun du. Bihar, Arnaldo Otegiren eta 'Bateragune' auziko gainerako auzipetuen errekurtsoak aztertuko ditu Auzitegi Gorenak.
Otegirekin batera, Auzitegi Nazionalak 10 urteko zigorra ezarri zion Rafa Díez Usabiaga LAB sindikatuko idazkari orokor oihari, 'Bateragune' taldearen bidez Batasuna berreraikitzen saiatzea leporatuta.
Goizeko 10:30etan hasiko da Auzitegi Gorenaren gaurko bista. Otegik, Diez Usabiagak, Miren Zabaletak, Sonia Jacintok eta Arkaitz Rodriguez aurkeztutako errekurtsoak aztertuko dituzte.
Gorenak Otegi absolbitzea edota epaiketa errepikatzea erabakiko balu, baliteke Otegi bihar bertan Logroñoko kartzelatik ateratzea, nahiz eta 'herriko tabernen' inguruko epaiaren zain dagoen (Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zuen, 2011ko apirilean).
ETAko kideak izatea egotzita, irailaren 16an Otegiri eta Diez Usabiagari 10 urteko kartzela zigorra ezarri zieten. Zabaleta, Jacinto eta Rodriguezi 8 urteko zigorra ezarri zieten, eta Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra aske utzi zituzten, Fiskaltzak karguak bertan behera utzi zituelako.