Politika -
2011ko txostena
Presoak euskal kartzeletara ekartzea eskatu du Arartekoak
Horrez gain, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, baldintzapeko askatasuna onartzea eta legeak babestutako onurak ematea galdegin du.
Erredakzioa
Iñigo Lamarca Arartekoak 2011ko txostena aurkeztu du gaur eta, besteak beste, kartzela-politika aldatzea eskatu du, euskal presoen sakabanaketa amaitzeko eta gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak kaleratzeko.
Lamarcak uste du ETAk indarkeria behin betiko uzteko hartu zuen erabakiaren ondotik irekitako aro politiko berrira egokitu behar dela egun indarrean dagoen kartzela-politika.
Arartekoak gogora ekarri du Espainiako Gobernuak "terrorismoaren aurkako instrumentu gisa" diseinatu eta erabili duela espetxe-politika.
"Gure ustez, ETAk bere jarduera kriminala betirako eta modu argian utzi du eta orain legea ETAko presoen gizarteratzea ahalbidetuko duen aplikatu behar da", dio txostenean.
Ildo horretan, ondoko neurriak proposatzen ditu: sakabanaketa amaitzea eta presoak euskal kartzeletara edo inguruko erkidegoetako espetxeetara hurbiltzea; baldintzapeko askatasuna onartzea; legeak babestutako onurak ematea; eta gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoak libre uztea.