Politika -
Diputatuen Kongresua
Bateragune auzian kondenatuak aske uzteko eskatu du Amaiurrek
Jorge Fernandez Espainiako Barne ministroak esan du Auzitegi Gorenaren erabakia onartuko dutela, "beti bezela".
Erredakzioa
Amaiurrek Bateragune auziko epaia baliogabetzeko eta auzi horren harira zigorra betetzen ari diren bost kideak aske uzteko eskatu du.
Auzitegi Gorenak Bateragune auziko kondenatuen defentsak jarritako helegitea aztertuko duen egunaren bezperan prentsaurrekoa eman dute Madrilen Amaiurreko diputatuek. Epaia baliogabetzeko exijitu dute eta epai horren helburua, hain zuzen, Euskadin ematen hasi ziren aurrerapausoak "oztopatzea" izan zela azpimarratu dute bertan.
Irailean Auzitegi Nazionalak kaleratutako epai "larri" horrekin, Estatuak ETAren indarkeriaren amaiera bezalako "aldaketa garrantzitsuen aurrean indar erakustaldia" egin nahi izan zuen, horien ustez.
Auzi horretan, alegia, Arnaldo Otegiri eta Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari ohiari 10 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten Bateraguneren baitan Batasuna berregituratzen ahalegintzeagatik. Miren Zabaletari, Arkaitz Rodriguezi eta Sonia Jacintori, berriz, zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zieten.
Larreinak "geldiezina" den prozesua hasi dela azpimarratu du, hori dela eta, euskal gizarteak eta nazioarteak Bateragune auziko kondenatuek espetxean jarraitzea ez dutela ulertzen esan du.
Halaber, Espainiako Gobernua agertoki politiko berri onetan behin betiko bakea bultzatzeko "pausorik ez" dela ematen ari salatu dute Amaiurreko ordezkariek, eta jarrera horrekin arduratuta daudela adierazi dute.
Bide horretan, ezker abertzaleak normalizaziorako PP kontuan izan behar duela adierazi du Larreinak, baina prozesu honetan Rajoyren alderdiak ere ezker abertzalea kontuan izan behar duela azpimarratu du.
EAJ: 'Bateragune auziak ez du zentzurik'
Josu Erkoreka EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak esan duenez, Bateragune auziak "ez du zentzurik", eta "ezker abertzalearen biktimismoa indartzeaz gain, ez du indar politiko guztien parte-hartzea bultzatzen", eta, Erkorekaren esanetan, "hori ezinbestekoa da" ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaieraren ostean ireki den "aro berrian".
Espainiako Gobernuak Gorenaren erabakia onartuko du "beti bezela"
Jorge Fernandez Espainiako Barne ministroak ziurtatu duenez, Auzitegi Gorenak Bateragune auziaren inguruan hartzen duen erabakia onartu egingo du, "beti bezala".
Fernandez Diazek Diputatuen Kongresuko korridoreetan egin ditu adierazpen horiek, Amaiurrek eta EAJk egindako eskaerei erantzunez.
"Barne ministroak, beti egin duen bezala, Gorenaren erabakia onartu egingo duela besterik ez du esateko", azpimarratu du Fernández Diazek.
Jaurlaritzaren arabera, 'Auzitegiak errealitateaz kontziente' dira
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Bateragune auziaren harira Justizia Auzitegiek "bizi dugun errealitatea ezagutzen" dutela esan du. Halaber, Auzitegi Gorenak zigortuen abokatuek ezarritako helegitea ahalik eta azkarren ebaztea espero duela esan du Mendiak.
Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren ondorengo bileran, Patxi Lopezen Exekutiboko bozeramaileak esan duenez, Justizia Auzitegiek "ezagutzen dute egungo errealitatea". "Legea askatasunez eta zorroztasunez interpretatzen dute, baina errealitateaz oso kontziente dira", adierazi du.
"Gehiegi luzatzen den justiziak justizia izateari uzten dio", erantsi du, eta Auzitegi Gorenak asteazkeneko saioaren ostean epaia "ahalik eta azkarren" ateratzea espero duela gaineratu du, horren inguruan egon daitezkeen "egonezinak".