Politika -
Hauteskunde autonomikoak
Aste Santuaren ondoren ekingo dio EAJk lehendakarigaiaren hautaketari
EBB berria lehen aldiz bildu da astelehen honetan Bilbon, baina ez du lehendakarigaiaren inguruko eztabaidarik egin. Aberri Eguna izan dute hizpide nagusi.
Erredakzioa
Asteburu honetan lurralde zuzendaritzak aukeratu eta gero, EAJko Euzkadi Buru Batzar (EBB) berriak lehen bilera egin du astelehen honetan Bilbon. Batzar horretan, dena den, ez dute EAJk 2013ko hauteskunde autonomikoetarako lehendakarigaia hautatzeko prozesuaren eztabaida ireki, alderdi jeltzaleko iturriek jakitera eman dutenez.
Iturri horiek azaldu dutenez, apirilaren 8an egingo dute Aberri Eguna izan dute hizpide, eta lehendakarigaia izateko EBBk proposatuko duen hautagaiaren aukeraketa ez dute Aste Santua igaro arte abiatuko.Behin aukeraketa hori eginda, militanteek 45 eguneko epea izango dute zerrendaburua hautatzeko, eta eurek ere hautagaiak aurkeztu ahalko dituzte.
Urkullu, faborito?
Alderdi barruan ez da baztertzen EBBk Iñigo Urkullu presidentea proposatzea, ezker abertzalearen aurrean boto gehien lor dezakeena izan litekeela argudiatuta.
Haren hautagaitzak, baina, ondorio bat ekarriko luke: EAJko Presidentzia utzi egin beharko lukeela, bi karguak ez baitira bateragarriak alderdi barruan.
Lehendakarigai izango balitz, Andoni Ortuzar BBBko presidentea izan liteke EAJko presidente izateko hautagai nagusietako bat.
Beste izen batzuk
Iñigo Urkullu ez ezik, beste hainbat izen ere entzuten ari dira EAJren lehendakarigaia izateko, hala nola Josu Erkoreka diputatua, Andoni Ortuzar bera, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Izaskun Bilbao eurodiputatua eta Jokin Bildarratz Eudeleko presidente ohia.
Halaber, ez da baztertzen Gipuzkoako hainbat tokitan Juan Jose Ibarretxe proposatzea.
Joseba Egibar GBBko presidentea eta Iñaki Gerenabarrena ABBko presidente ohia argi eta garbi agertu dira aukera horren alde, baina badirudi oso zaila izango litzatekeela proposamenak aurrera egitea.