Politika -
Iheslaria
ETAren biktima batek Ternera bilatzea exijitu dio Gobernuari
ETAk Zaragozako koartelaren kontra egindako atentatuan hildako bi bikiren amak gutuna igorri dio Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeari.
Erredakzioa
Rosa Maria Alcaraz ETAk Zaragozako Koartelaren kontra 1987an egindako atentatuan hildako bi bikiren amak gutuna igorri dio Soraya Saenz de Santamaria gobernuaren presidenteordeari Josu Ternera ETAko kidea, 2002an ihes egin zuena, bila dezatela exijitzeko.
Alcaraz Santamariari zuzendu zaio Espainiako Inteligentzia Zentroaren zuzendari delako. Zaragozako atentatuaren egile intelektual jotzen dute Ternera eta berari buruz duen informazio guztia Auzitegi Nazionalaren esku uzteko eskatu dio Alcarazek Santamariari.
Francisco Jose Alcaraz Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidente zenaren arrebak hiru urtetan anaia eta bi alabak galtzeak suposatu zuena kontatzen du gutun horretan.
"Presidenteorde anderea, CNIren arduradun gorena zarelako zuzentzen natzaizu, zure esku baitago segurtasun indarrek duten informazioa Auzitegi Nazionalaren esku uztea, izan ere, inoiz ez dute gezurtatu Ternera CNIren kontrolpean dagoela eta buruzagi politikoak hiltzaile horrekin bildu izan direla", adierazi du gutunean.
Gainera, Santamariari ama gisa ere zuzentzen zaio, bere tokian jar dadila eskatzeko: "Zure haurtxoa oheratzen duzunean gogoan izan nire alabatxoen aurpegiak. Pentsatu ea nola sentituko zinen niri gertatutakoa gertatuko balitzaizu".