Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Jesus Loza: 'ETAko presoei bigarren aukera eman behar zaie'
Bestalde, hilaren 30eko bilkuran, elkarbizitzarako foroak babes zabala lortuko duela ziur agertu da, "akordioetara heltzeko borondatea dagoelako".
Erredakzioa
Jesus Loza elkarbizitza eta memoriarako batzordea-ren arduradunak esan du Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean ari direla "ETAko presoen gizarteratzea lortzeko ibilbide konpartitu bat adosteko", eta ibilbide-orri hori euskal alderdi politikoekin ere adostu behar dela azpimarratu du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, "ezberdinen arteko elkarlana" babestu du, biktimen memoriari buruzko gaietan eta kartzela-politikaren alorrean. Joan den urriaren 20an, ETAk indarkeria behin betiko utzi duela iragarri zuenean, "aro berri bat" hasi zela onartu behar dela esan du eta berak ordezkatzen duen batzordearen eginkizuna Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean bitartekari lanak egitea izango dela azaldu du, besteak beste, "ETAko presoen gizarteratzea lortzeko". "Gure erronkak elkarbizitza eraikitzea eta elkarbizitzaren aurka borroka egin dutenak berreskuratzea dira", adierazi du. Horrenbestez, "ETAko presoei bigarren aukera eman behar zaie eta demokraziara ekarri behar ditugu", erantsi du. Lozak argi utzi nahi izan du ez dela amnistiarik izango eta neurri guztiak zuzenbide estatuaren baitan hartuko dituztela eta, kartzela-politika Espainiako Gobernuaren esku egon arren, Jaurlaritzak ere presoen "gizarteratzearen alde lan" egingo duela esan du. Gauzak horrela, "bi administrazioen arteko elkarlanaren bitartez eta elkarrizketa luzeak eginda, ETAko presoen gizarteratzea ahalbidetuko duen ibilbide-orria adostea posible izango dela uste dut", adierazi du. Horrez gain, elkarbizitza eta memoriarako batzordeak dituen egitasmoak zeintzuk diren aipatu ditu: terrorismoaren biktimei zuzendutako memoriala martxan jartzea, memoriaren eta elkarbizitzaren institutua sortzea eta terrorismoari zilegitasuna kentzeko eta balore demokratikoak sustatzeko plana prestatzea.
Elkarbizitzarako foroa
Bestalde, ETAren amaiera kudeatzeko foroaren inguruan Legebiltzarreko alderdien arteko adostasun ezaren harira, Lozak esan du agerian geratu dela "akordioa lortzea zaila" dela, baina hilaren 30ean Gasteizko Ganberan egingo den bilkuran "akordio zabala" izango dela ziur agertu da, "adostasunetara heltzeko borondatea egon badagoelako".
Gainera, bere iritzian, hitzarmen hori "Kongresuan lortutakoa baino garrantzitsuagoa izango da".