Politika -

Elkarrizketa

Bazterketarik gabeko lantalderako alternatiben alde egin du Ezenarrok

Araudiak Batasuna bertan egotea ahalbidetzen ez duen arren, guztiak bilduko dituen espazioa martxan jartzea defendatu du Aralarreko ordezkariak Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan.

Aintzane Ezenarro Radio Euskadin. Argazkia: EITB
Bazterketarik gabeko ponentziarako alternatiben alde egin du Ezenarrok
Aintzane Ezenarro Radio Euskadin. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrizketak denak bildu behar dituela uste du Aintzane Ezenarrok, eta bazterketarik gabeko lantaldea defendatu du berriz ere.

Araudiak Batasuna bertan egotea ahalbidetzen ez duen arren, guztiak bilduko dituen espazio bat martxan jartzea defendatu du Aralarreko ordezkariak Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioan, eta gonbitaren aukera jarri du mahai gainean. ''Ez da formula bikaina, eta besterik egon liteke'', esan du; baina edonola ere, aurrera jarraitzea defendatu du.

''Elkarrizketarako espazio bat martxan jartzeko garaia da; besterik gabe. Bertan, bakoitzak bere planteamenduak plazaratzeko aukera izango luke'', esan du. ''Negoziazioek akordioak lortzea dakarte, eta egin beharko da. Inork ez du bermatzen lantalde horrek fruituak emango dituenik, baina saiatu behar dugu. Honek ezin du gelditu'', gaineratu du.

Alderdi batzuek izan dezaketen errezeloaren inguruan, Ezenarrok uste du urte askoan bizi izan dugun immobilismo egoeraren ondorio direla. ''Oin azpiko zorua mugitzen hasi zaie, eta are gehiago muturreko posizioei'', esan du. ''Baina garai politiko berri batek pentsamolde aldaketa behar du'', gaineratu du.

Zatiketarik ez Aralarren

Alderdian sortu diren desadostasunen aurrean, Ezenarrok argitu du gutxiengoa osatzen dutenek gehiengoaren erabakiak onartzen dituztela, eta ez dutela Aralarren zatiketarik aurreikusten.

''Batasunak ordezkatzen duen sektorea eta guk ordezkatzen duguna ezberdinak dira'', esan du. ''Alde handia dago Batasunaren eta Aralarren artean'', gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea