Politika -

Helegitea Konstituzionalean

Amaiurrek uste du 'arrazoi politikoak' tarteko ukatu ziotela taldea

Koalizio abertzaleak helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, PPk Kongresuan talde propioa izatea ukatu baitzion.

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua, helegitea aurkeztu eta gero. EFE
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua, helegitea aurkeztu eta gero. EFE
Amaiurrek helegitea aurkeztu du, talde propioa izatea eskatzeko

01:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Larreina, Jon Iñarritu eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuek babes-helegitea aurkeztu dute Auzitegi Konstituzionalean, Kongresuko Mahaiak talde parlamentario propioa izatea ukatu ziolako koalizio abertzaleari.

Helegitea aurkeztu eta gero, Errekondok agerraldia egin du hedabideen aurrean, eta esan du Mahaiaren erabakia (PPk gehiengoa du bertan) "arrazoi politikoak" direla eta etorri zela. Horrenbestez, "aro berriari irekitzeko" dei egin dio Mariano Rajoyren alderdiari.

Errekondoren ustez, Amaiurrek talde propioa izan beharko luke, zazpi diputatu eta oro har botoen % 15 lortu baitzituen aurkeztu zen lurraldeetan.

"Ez dago oinarri argudiaturik, ez dago justifikazio arrazoiturik", nabarmendu du Errekondok, eta "Amaiurren lana edukiz husten saiatzea" egotzi die 'popularrei'.

Hori horrela, "300.000 pertsonaren ahotsa isilaraztea" leporatu die: "Dei bat egin behar diogu PPri, ukapen politiketan lerrotuta jarraitzen baitu, Euskal Herrian aro aldaketa bat izan dela aitortu gabe jarraitzen baitu".

Amaiurreko diputatuak negoziazio mahai bat abiatzea eskatu dio Gobernuari, "gatazkaren konponbidean aurrera egin ahal izateko".

Errekondok gogorarazi du "eskubideak" daudela jokoan: "Konstituzionalak jakingo du eskaeraren premiari erantzungo dion; araudiaren arabera talde propioa izateko eskubidea dugu".

Araudiaren interpretazio polemikoa

Kongresuan talde parlamentarioa izateko, Ganberako araudiak ezarritako bi baldintzetako bat bete behar da: gutxienez bost eserleku eta Espainia osoko botoen % 5 lortzea, edo gutxienez bost eserleku eta zerrenda aurkeztu den lurraldeetan botoen % 15 eskuratzea.

Hori, baina, bi modutan interpreta daiteke: aurkeztutako lurralde guzti-guztietan lortu behar dela botoen % 15, edo aurkeztutako lurraldeetan batez bestea eginez ailegatu behar dela % 15era.

Amaiurren kasuan, aise gainditu zituen botoen % 15 EAEn, baina hamarren batzuetara geratu zen Nafarroan. Hori horrela, Kongresuko Mahaiak interpretazio zorrotzena erabili zuen taldea ukatzeko.

1989an eta 2000an, ordea, Mahaiak taldea eman zion EAJri, Nafarroan botoen % 2,5 ere gainditu ez bazuen ere.

2004 urtean, Esquerra Republicanak % 15 baio hamarren batzuk gutxiago lortu zituen Bartzelonan, baina talde propioa izan zuen.

Gaur egun, Amaiurrek beste zazpi alderdirekin batera osatzen du Talde Mistoa. Hemezortzi diputatu guztira, inoiz baino gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea