Politika -

Elkarrizketa ETB-n

Pastor: 'Lehendakariaren proposamena Euskadiko PPrekin adostu genuen'

Jose Antonio Pastorren iritzian, azken orduan Euskadiko PPk jarrera aldatu eta foroaren aurka egin bazuen, Espainiako PPk hala agindu ziolako izan zen.

Jose Antonio Pastor ETBko 'Egunon Euskadi' saioan elkarrizketatu dute. EITB
Jose Antonio Pastor ETBko 'Egunon Euskadi' saioan elkarrizketatu dute. EITB
Jose Antonio Pastor ETBko 'Egunon Euskadi' saioan elkarrizketatu dute. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Pastorrek esan du Patxi Lopez lehendakariak joan den astean Legebiltzarrean egindako proposamena Euskadiko Alderdi Popularrarekin "kozinatuta eta adostuta" zegoela, "baina, ziurrenik, Madrilgo PPren deiak jasoko zituzten eta azken unean kontrako jarrera agertu zuten".

"Ponentziaren testua Euskadiko PPrekin hitzartu genuen; ez dakit alderdi horrek huts egin duen ala Madrilgo PPk Euskadikoari huts egin dion", erantsi du ETBn egindako elkarrizketa batean.

Joan den astean, lehendakariak Legebiltzarrean elkarbizitzarako foro berezi bat sortzea proposatu zuen, baina Alderdi Popularrak kontrako jarrera agertu zuen batzorde hori "ezker abertzaleak erabiltzeko asmoz" eratuko zela argudiatuta. Pastorrek azaldu duenez, PSEren eta PPren arteko bileretan "argi geratu zen batzorde hori inoiz ez zela izango legez kanpoko Batasunaren bozgorailua".

Gainera, berretsi egin du foro horretan Legebiltzarrean ordezkaritza duten indar politikoek bakarrik parte har dezaketela, eta ezker abertzaleak alderdi legalik ez daukanez, ezin izango duela bertan egon.

"Euskadiko PP deseroso dagoela jakin bagenekien, izan ere, Alderdi Popularrak agintzen du Espainian eta arlo honetan keinuak egiteko mesfidatia da. Berziklatu beharreko historia du atzean PPk", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea