Politika -

Euskal Soziometroa

Herritarren % 69 presoak hurbiltzearen alde dago

Inkesta erantzun dutenen % 72k indarkeria baztertzen duten presoak gizarteratzea babesten dute. ETAren amaieraz zalantzak daude herritarren artean, izan ere, % 36k oraindik ez du sinetsi.

Herritarren % 69 presoak hurbiltzearen alde dago. Argazkia: EITB
Herritarren % 69 presoak hurbiltzearen alde dago.
Herritarren % 69 presoak hurbiltzearen alde dago. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko herritarren % 72 indarkeria errefusatzen duten ETAko presoak gizarteratzearen alde dago eta hamarretik zazpik presoak hurbiltzea babesten du, gaur argitaratu duten Euskal Soziometroan agertzen denez.

Otsailaren 6tik 11ra 2.254 laguni egindako inkestan azaltzen denez, herritarren erdiak uste du indarkeria errefusatzen duten ETAko presoek egindako kaltea aitortu behar dutela, % 34k uste du ETA desegitea eskatu behar dutela, eta beste hainbestek, terrorismoa publikoki errefusatu behar dutela.

Zalantzak daude ETAk indarkeria betiko utzi izanaren inguruan, izan ere, herritarren erdiak baino gehiagok sinetsi badu ere, % 36ek uste du ETAk ez duela indarkeria betiko utzi.

Inkesta erantzun dutenen erdiak uste du ETA datozen urteotan desagertuko dela, hamarretik bik ez dela bost urte baino lehenago desagertuko, eta beste hainbestek ez dela inoiz desagertuko.

Hala ere, inkestak agerian utzi du gizartea baikorra dela egoera politikoaren inguruan. % 43k dio askatasun osoz hitz egin dezakeela politikaz.

Biktimak

Biktimei dagokienez, hamarretik lauk uste du ez dela biktimen alde nahikoa egin, baina herritar kopuru berak pentsatzen du biktimak zilegitasun osoz babestu direla.

Presoak

Bestalde, herritarren gehiengo zabala presoak euskal kartzeletara hurbiltzearen alde dago, % 69k babestuko bailuke neurria.

Alderdien balorazioa

EAEko herritarrek euskal alderdi politikoen inguruan duten iritzia ere aztertzen du ikerketak. 1etik 10era, EAJ da balorazio onena jaso duen alderdia 4,4ko puntuazioarekin (2011ko azaroko soziometroan baino 0,3 gehiago).

Bigarren postuan geratu da Bildu, 3,7 punturekin, aurreko soziometroan bezalaxe. PSE-EE, berriz, 3,2 puntutik 3,5era igo da. Aralarrek ere gora egin du 3,1etik 3,3ra. Ezker Anitza 3,1 puntutan geratu da eta EA 3,3tik 3ra jaitsi da.

Ezker Batuaren balorazioa ez da aldatu eta 2,9an geratu da. Ezker abertzalea ere sartu dute ikerketan eta 2,7tik 2,8ra igotzen da balorazioa. PP 2,1 puntutan geratu da eta UPyD 1,7tik 2ra igo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea