Politika -
Legebiltzarra
Bakearen foroaren sorrera atzeratu dute, PPren babes faltagatik
EAJk esan du "sukaldean lan gehiago" egitea falta izan dela. PSEren ustez, berriz, PPk "denbora gehiago" behar du "eszenario berrira moldatzeko".
Erredakzioa
Aralarrek bakearen eta bizikidetzaren inguruko txostena abian jartzeko eztabaida eta botazioa azteratzea erabaki du PPren babesa lortzea ezinezkoa zela ikusita. Erabakiak gainontzeko alderdien oniritzia jaso du, PPrena barne. Popularrak itxaropentsu agertu dira "denborak mesfidantzak desagerrarazten" eta akordio bat gauzatzen lagundu dezakeelako.
Mozio horrek Patxi Lopezen proposamena aurrera ateratzea ekarri behar zuen, hau da, "terrorismoaren behin betiko amaiera eta askatasunaren osoko finkapena"ri bultzada emateko neurriak bildu behar dituen txostenaren mesederako izan behar zuen.
Euskal alderdien asmoa, Aralarrek gai berberaren inguruan aurkeztutako mozio baten eztabaida eta botazioa aprobetxatzea zen aipatutako foroaren sorrera, edukia eta helburuak adosteko. Alderdi politikoak testuak eta baldintzak negoziatzen aritu dira azken egunetan eta ostegun honetan bertan.
Ezenarrok ez du desadostasunaren inguruko azalpenik eman. Hala ere, PPk argi eta garbi esan du ez duela foroaren aldeko botorik emango "foro horretan ezker abertzalea egongo ez dela inork ez duelako bermatu". Atzerapenari esker, zalantzak desagertu, konfidantzazko eszenaria sortu eta akordioa gauzatuko delako itxaropena ere agertu dute.
Egibar
EAJ sinatzeko prest zegoen baina akordioa "sukaldean lan gehiago" egitea falta izan delako galdu dela adierazi dute jeltzaleek. Joseba Egibar EAJko bozeramaileak ondorio hori atera du Antonio Basagoitik lehendakariari eskatutako bermeak eta Legebiltzarreko saioan egindako hitzaldia entzun ostean.
Egibarren ustez, atzerapenak akordioari bultzada eman liezaioke, eta foroa "ezadostasun estrukturalarekin hastea" ekidin.
PSE
Jose Antonio Pastor PSEren Legebiltzarreko bozeramaileak PPri egotzi dio bakea eta bizikidetzaren inguruko eztabaida atzeratzearen errua; izan ere, "akordioa gauzatzea azken momentuan saihestu dute". Hala ere, "hurrengo egunetan adostasunak aurrera egitea" espero duela adierazi du.
"Beharbada, PPk denbora behar du bertigoa ematen dion egoera berriari moldatzeko", gaineratu du Pastorrek. Sozialisteran hitzetan, Patxi Lopezen proposamenak "argi utzi du lehendakariak lidertza eta ekimenak bultzatzeko gaitasuna duela".
PP
Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiaren arabera, "akordioa lortzeko aukera dago", baina Patxi Lopezen "baldartasunak" akordioa saihestu du.
PSE-EEk "nahasmena sortu izana" kritikatu du; sozialistek ez dutelako zehaztu foroa zertarako izango den eta "eginbeharreko bidea biktimak kontuan izan barik eta mina eragin dutenen eskutik ezin dela egin" argi utzi ez dutelako.