Politika -
Eusko Legebiltzarra
Basagoiti: 'Lopez jauna, aukeratu egin behar duzu: Batasuna edo PP'
PPk ez du lehendakariaren batzorde irekia babestuko, ezker abertzaleak ordezkaritza badauka. EAJk, PSEk, Aralarrek, EAk eta Ezker Anitzak aipatu foroa Legebiltzarrean sortzea defendatu dute.
Erredakzioa
Antonio Basagoitik ezinegona agertu du lehendakariak iragarri duen Legebiltzarreko batzorde irekia ezker abertzaleak aldarrikatzen duen alderdien mahaia bilakatu daitekeelakoan.
Gauzak horrela, batzorde ireki horretan ezker abertzaleko ordezkariak egongo diren edo ez lehenbailehen argitzeko eskatu dio Patxi Lopezi. Hala bada, batzorde hori babestuko ez duela aurreratu du Basagoitik.
"Batzorde horretan ETAren desegitea exijitzen ez duen edo ETAk eragindako kaltea onartzen ez duten kolektiborik izango ez dela jakiteko bermeak behar ditugu; izan ere, batzorde hori lehenago edo beranduago Batasunarentzako zirrikitua izango baita", azpimarratu du. Horrenbestez, "Lopez jauna, aukeratu egin behar duzu: Batasuna edo PP", gaineratu du.
Basagoitik argi utzi nahi izan du PPren asmoa ez dela alderdien arteko "zatiketarik" ematea, baina, bere iritzian, "oinarria konpartitzea ezinbestekoa da, hala nola, ETA gaitzestea eta Kongresuko Hitzarmenean aipatzen diren puntuak; eta Batasunak oraingoz ez du horrelakorik egin".
"Zuzenbide estatuak elkarbizitzari lagunduko dion jarrera justua eta legezkoa izaten jakingo du, baina ETAri amaiera emateko erakunde terroristaren eta haren atzean dagoen munduaren interesak ez dira eztabaida politikoaren erdian jarri behar", adierazi du.
EAJ
Joseba Egibarrek Legebiltzarreko batzorde irekia osatzea babestu du, baina foro horrek diskrezioz eta arduraz jardun behar duela adierazi du.
Bestalde, kartzela-politika aldatu eta arindu egin behar dela esan du, bakea betikotzen lagunduko duelakoan. Hori dela eta, presoen auziari konponbidea emateko Espainiako Gobernuari elkarrizketak hasi behar dituela uste du. Horrez gain, Espainian eta Euskal Herrian "dena ETA da" tesia defendatu dutenak badaudela gogoratu du eta, ondorioz, azken hamarkadetan gertatu dena kontatzerakoan "interpretazio aniztasuna" aintzat hartzea garrantzitsutzat jo du. "Kontakizuna osoa izan behar da, baita oroimena ere", esan du. Ezker abertzalearen legeztatzea ere izan du hizpide. Egibarrek uste du esanguratsua dela Diputatuen Kongresuan Amaiur eta Bildu legez kanporatzeko eskaria PPk atzera bota izana, "orain dela gutxira arte ilegalizazioen alde egon direnean".
Jarrera horrekin, Sorturen legeztatzearen inguruan erabaki bat hartu behar duen Auzitegi Gorenari PPk mezu argia igorri diola iritzi dio Egibarrek.
PSE-EE Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak erantzun egin dio Basagoitiri, eta esan dio talde sozialistak ez duela sustatuko batzordean legez kanpoko erakundeek parte hartzea. Nolanahi ere, gaineratu du ezin dela "mugatu" parte-hartzaileen "kolore politikoa". "Lehendakariak esan du hainbat erakundetako eta elkartetako ordezkariak deitu ahal izango dituztela, baina, noski, ezin da mugatu elkarte edo erakunde horien kolore politikoa", gaineratu du. Pastorrek esan du lehendakariak ez duela sustatu demokratikoa ez den inolako adierazpenarik.
Aralar
Aintzane Ezenarrok begi onez hartu du Patxi Lopez lehendakariak Legebiltzarrean bakerako eta elkarbizitzarako batzorde ireki bat sortzeko asmoa iragarri izana, "ezinbestekoa delako eta aurrera egiten jarraitzeko lagungarri izango delako".
Aralarren legebiltzarkideak guztien arteko elkarrizketa babestu du eta "ezberdin pentsatzen dugunon arteko eztabaidak" bultzatzea proposatu du.
Horrez gain, "indarkeria mota ezberdinak eta biktimak klasifikatzeko" asmo gogor kritikatu du, "aurrera egiteko laguntzen ez duelako". Ildo horretan, biktimak guztiak eta indarkeria guztiak aintzat hartu behar direla nabarmendu du.
Egun indarrean dagoen espetxe-politika "krudela" dela esan du eta presoak hurbiltzearen alde eta "apurka-apurka kaleratzeak" egitearen alde egin du, IRAko presoekin hartutako neurriak adibide moduan jarrita.
EA
Legebiltzarrean osatu nahi duen bakerako eta elkarbizitzarako batzorde ireki horretan ezker abertzaleak lekua izango duen edo ez argitzeko eskatu dio Juanjo Agirrezabalak lehendakariari.
Era berean, "gatazkaren muinera" joan eta "Euskal Herria eta Espainiaren arteko gatazka politikoari" heltzeko asmorik duen galdetu dio.
Bestalde, ETAko presoek bizi duten egoera haiei leporatu izan kritikatu du eta espetxe-politikan "Estatuak ere arduraren bat" izango duela nabarmendu du, espetxealdia luzatzen duen 'Parot doktrina' deitutakoari aipu eginez.
Ezker Anitza
Mikel Aranak adierazi duenez, bere talde parlamentarioak lehendakariaren batzorde berezia babestuko du, betiere bakegintza eta normalizazio politikoa bereizten badira.
Aranak gogoratu du bere alderdiak beti defendatu duela "Euskadiko sentsibilitate politiko guztien parte-hartea bermatuko duen foroak, mahaiak nahiz batzordeak sortzea".
UPyD
Gorka Maneirok, berriz, Legebiltzarrean osatuko den batzorde berezi hori gogor salatu du. "ETA gaitzetsi ez dutenak bilduko dituelako eta mahai hori sortzeak Batasunaren agenda onartzea suposatzen duelako; Batasunaren arazoak konpontzeko helburua duten batzorderik ez dugu onartuko", azpimarratu du.